Telelana eta beraren «albo-ondorioak»

Laboral kutxa

5 urtarrila, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Josebak jakin zuenean enpresa telelanaren formula eskaintzen hasiko zela COVID-19aren krisian kutsatzeak saihesteko, berehala ohartu zen pandemiak sortzen zizkion hainbat eragozpen konpontzeko aukera zuela:

  • Bera eta bere familia kutsatzeko arriskua murriztuko litzateke.
  • Bi seme-alaba adingabeekin egongo litzateke etxean, eskola presentzialak etenda zeuden bitartean.
  • Ez luke denborarik galduko bulegora joateko eta etxera itzultzeko.
  • Azken finean, etxeko lanak egiteko denbora hobeto banatzea lortuko luke.

Asteak joan eta asteak etorri, argi geratu zen enpresak erabaki egokia hartu zuela: distantzia fisikoa gorabehera, teknologia berriei esker komunikazio arina izan zuen enpresak langileekin; langileen errendimenduak ez zuen behera egin, eta horrek are gehiago indartu zuen langileekiko konfiantza; koronabirusaren eragina oso txikia izan zen, eta enpresak aurrerapauso handia eman zuen bere digitalizazio-planetan. Hori guztia Gobernuak telelana arautzeko onartutako dekretuak bermatuta.

Baina eskola-jarduera berriz hasi eta gutxira, eta telelanak itxuraz abantailak izan arren, Josebak bulegora itzultzea eskatu zuen. Zergatik? Telelanaren modalitateak onura eztabaidaezinezkoak baditu ere, konpontzen zailak diren albo-ondorioak ere eragiten ditu, Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako Lana noiznahi eta nonahi: lan-arloko ondorioak txostenean jasotzen denez. Txosten hori 2017koa bada ere, haren ondorioak baliozkoak dira gaur egun. Hainbat elementuk eragiten dituzte ondorio horiek; hona hemen:

Izaera pertsonala

Zenbait pertsonak sozializatzeko eta mugitzeko joera dute, egonezinagoak dira, eta haien lanpostuak dinamikoagoak izaten dira. Esaterako, pertsona horiek beste batzuekin egoteko edo telefonoz hitz egiten dutenean bulegoan mugitzeko beharra sentitzen dute, eta ez dute inolako eragozpenik edozein ekitaldi edo hitzordu profesionaletara joateko. Aitzitik, antzeko gaitasunak eta trebakuntza-maila dituzten beste pertsona batzuk erosoago egoten dira egoera estatikoago batean, mahai baten aurrean eserita, ia ez dute interakzio sozialik behar, eta gai dira lanpostuan ematen duten minutu bakoitzari etekin guztia ateratzeko, lanpostua edonon dagoela ere.

Ordu gehiago lan egiteko joera

Bulego batean lan egiten denean, sartzeko eta irteteko lan-ordutegiak errespetatzen dira, eta, batzuetan, zereginak amaitu gabe eta biharamunerako uzten dira. Telelanean aritu diren pertsonek garrantzi handiagoa eman diote helburuak lortzeari, ordutegiaren gainetik, eta, horren ondorioz, pertsona askok luzatu egin behar izan dute lan-ordutegia beren zereginak amaitzeko. Etxetik lan egiten duten pertsonek betebehar berezia sentitzen dute beren zeregin profesionalak betetzeko, lan-ordutegia amaitu ondoren ere.

Lan ordaindua eta bizitza pertsonala nahastea

Zure bulegoan bertan bizitzeak lanpostua txukun eta antolatuta izatera behartzen zaitu, eta egin beharko ez zenituzkeen lanak egitera. Bulegoetan, garbitzaileak arduratzen dira langileek beren etxe partikularrean egin behar dituzten lan asko egiteaz; jatetxeetara joaten dira bazkaltzera, eta etxean, berriz, erosketak egin behar dituzte, eta janaria prestatu… Zeregin horiek, besteak beste, lan ordaindua eta bizitza pertsonala bereizten dituen lerro mehea hausten dute azkenean.

Sedentarismoa

Bulegora egiten diren joan-etorriak kenduta, pertsonen mugikortasun fisikoa txikiagoa izaten da. Etxetik lan egiten duen pertsona batek egiten duen ibilbidea eta enpresara joan behar duen beste batena alderatu behar ditugu, besterik ez. Horrez gain, pertsona askok bazkalorduan gimnasiora edo paseatzera joateko ohitura du.

Isolamendu soziala

Etxean lan egiten dutenen gizarte-harremanak murriztu egiten dira, baita enpresako beste langile batzuekin duten harreman pertsonala ere. Horrek nolabaiteko isolamendu soziala eragiten du, eta, epe luzera, ondorioak ekar ditzake.

Hori dela eta, zenbait enpresak telelanari buruzko hausnarketa egin behar izan dute, eta formula mistoak aztertu, modalitate horren abantailei eusteko eta, aldi berean, langileen motibazioa eta produktibitatea ez galtzeko.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*