BE-foto-informe-confianza-sep

Euskal enpresen konfiantza, 2020ko hirugarren hiruhilekoari begira, mailarik apalenean dago

Laboral kutxa

2 urria, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Pandemiak azken hilabeteetan izan duen bilakaera ikusita, euskal enpresek ezkor jarraitzen dute datorren hiruhilekorako aurreikuspen ekonomikoei dagokienez. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAEko) enpresen konfiantza-indizeak apur bat gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (segida historikoko baliorik txikienera iritsi zen orduan: 22,6 puntu), eta % 30,8koa izan da. Dena den, balio hori uzkurtze-eremua mugatzen duen 50 puntuen mailatik oso behera dago.

EAEn jasotako balioa bat dator beste eremu geografiko interesgarri batzuetan bildutako datuekin. Hala, Espainian, esaterako, % 48,4koa izan zen abuztuan. Baina Euroguneko balioaren azpitik gelditu da, hori % 51,9koa izan baitzen maiatzean.

empreseen aurreikuspena 2

Ezkortasun orokorra

Ezkortasunaren atzean ziurgabetasun-egoera dago, ez jakitea pandemiak datozen hilabeteetan zer bilakaera izango duen, ez COVID-19aren berragertzeak ekonomian eta osasunean zer eragin izango duen, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak egindako azterketan jasota dagoenez. Enpresentzat zalantzaz eta zailtasunez beteta dagoen panorama horren aurrean, ezkortasuna nagusitu da inkesta osatzen duten balio guztietan.

Egoera ekonomikoak okerrera

Daturik esanguratsuenak erakusten duenez, inkesta egin duten 400 enpresetatik % 71,1ek —hiru herenak ia-ia— uste du egoera ekonomikoak okerrera egingo duela datozen hiru hilabeteetan; % 4,2k bakarrik erantzun du egoera hobea izango dela urtea amaitzerako, eta, % 24,7ren iritziz ez da aldaketarik egongo.

Fakturazioko eta jarduerako aurreikuspenak

Fakturazioak datozen hilabeteetan izango duen bilakaerari buruzko aurreikuspena ez da berdin-berdina: inkestari erantzun dioten enpresen erdiak baino gehiagok (% 53k) esan du aurreko hiruhilekokoa baino apalagoa izango dela, % 13,6ren arabera hobera egingo du eta ehuneko garrantzitsu batek (% 33,4k) dio fakturazioan ez dela aldaketarik egongo.

Datu horrekin bat, inkesta egin duten enpresen % 59,3 ezkor azaldu da jardueraren bilakaeraz galdetuta, eta orain artekoa baino okerragoa izango dela deritzo. Aitzitik, % 9,8ren ustez jarduerak bilakaera ona izango du, eta gainerako % 30,9ak ez du aldaketarik espero.

Eskabideen eta prezioen bilakaera

Fakturazioaren eta enpresa-jardueraren portaera baldintzatzen duten parametroen artean daude eskabideen eta prezioen bilakaera. Ildo horretan, adierazgarria da inkesta egin duten enpresen erdiak baino gehiagok (% 51,7k) eskabide-mailaren beherakada iragarri izana. % 12k, berriz, hobekuntza espero du, eta, % 36,3ren iritziz ez da aldaketarik egongo. Prezioen inguruan ez dago horrenbesteko iritzi-aniztasunik: % 60,3ren ustez ez dira aldatuko, eta % 36,3k dio prezioek behera egingo dutela krisiaren eraginez.

Eragiketen errentagarritasuna eta inbertsioa

Datorren hiruhilekora begira eragiketek izango duten errentagarritasunari erreparatuta, enpresen artean bi iritzi nagusi daude: % 48,9k uste du eragiketek balio txikiagoa izango dutela, eta, % 44,8k, berriz, ez du aldaketarik espero. % 6,3 baikor azaldu da.

Ekonomiaren bilakaeraren inguruan ziurgabetasuna nagusi denez, enpresek atzeratu egin dituzte inbertsio-planak, zalantzak argitu arte. Inkestaren arabera, enpresen % 44,2ren iritziz inbertsio-mailak behera egingo du datorren hiruhilekoan zehar, % 48,5ek dio ez dela aldaketarik egongo eta % 7,3k gorakada espero du.

Enplegu-aurreikuspenak

Parametro horiek guztiak kontuan hartuta, enpresa gehienek (% 60,6k) lanpostuei eusteko asmoa azaldu dute, % 30,6, berriz, plantilla murriztuko duelakoan dago, eta, % 8,8k langile gehiago hartuko duela aurreikusi du.

Esportazioen bilakaera eta beste datu batzuk

Enpresen konfiantza-indizeaz gain, beste adierazle osagarri batzuk ere hartu dira kontuan LABORAL Kutxak egindako inkestan, lagungarri direnak gaur egungo agertoki ekonomikoa eta datozen hilabeteetarako aurreikuspenak zehazteko. Adierazle horietako bat da enpresek 2020an zehar izan duten esportazio-maila: inkesta egin duten enpresa gehienek, % 47,3k, adierazi dutenez, kanpora egindako salmentek behera egin dute aurreko urteko datuekin alderatuta. % 37,8k erantzun du aurreko mailari eustea lortu duela, eta % 14,9ren esanetan esportazioek hobera egin dute.

Urtean zehar pandemiak gehien kaltetu duen alderdietako bat I+G+b arloko inbertsioak dira: inkestan parte hartu duten enpresen artean ia % 75ek onartu du salmenten % 0 eta % 1 artean bideratu duela aipatutako arlora; % 9,4k salmenten % 5 baino gehiago inbertitu du I+G+b arloan.

Bezeroei kobratzeko epeari dagokionez, enpresen % 67,5ek ez du aldaketarik nabaritu; % 27,3k, aldiz, epe hori zabaldu behar izan du eta % 18,8ren ustez hobera egin du.

Azkenik, osasun-krisiak ez du eraginik izan banku-finantzaketa lortzeko orduan, inkesta egin duten enpresa gehienen iritziz. Finantzaketa-formula horrek urtean zehar ez duela aldaketarik izan uste du inkesta egin duten enpresen % 65,6k; hobera egin duela deritzo % 18,8k, eta % 15,6ren arabera okerrera egin du.

Informazio gehiago nahi baduzu esteka honetan deskarga dezakezu.

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*