Informe-Confianza-Empresarial

Euskal enpresen aurreikuspenek hobera egin dute, baina atzeraldi-mailetan jarraitzen dute

Laboral kutxa

10 martxoa, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Pandemiaren eragin handiaren ondorioz, euskal enpresen konfiantza-mailek atzeraldi-egoera baten berezko balioetan jarraitzen dute. Hala ere, hobera egin dute, 2021eko lehen hiruhilekorako lortutako datuekin alderatuta. Hain zuzen, Euskadin urteko bigarren hiruhilekoko Enpresa Konfiantzaren Indizea 42,8 puntutan finkatu da, aurreko serieko 31,4 puntuen oso gainetik. Datu hori oraindik uzkurtze-eremua mugatzen duten 50 puntuen azpitik badago ere, azken urteko erregistroak baino askoz handiagoa da. Gainera, badirudi bilakaera positiboa izango duela, txertaketa-aurreikuspenei eta kutsatze-zifrak txikitzeari esker.

Dena den, oraindik ere ziurgabetasun handia dago pandemiak ekonomian dituen ondorioen inguruan, eta horrek ezkortasuna areagotzen du; izan ere, EAEko enpresen ia erdiak (% 49,4) ezkorrak dira, eta % 18,8k soilik uste du egoerak hobera egingo duela datozen hiru hiletan, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkestaren arabera.

Ezkortasun hori inkestaren ia parametro guztietan islatzen da, baina aurreko azterlanetan baino gutxiago. Adibidez, inkestatutako enpresa gehienek (% 42,6) uste dute datorren hiruhilekoan fakturazioa ez dela aldatuko, eta % 32,5ek uste du txikiagoa izango dela; duela hiru hilabete, berriz, erdiek baino gehiagok uste zuten fakturazioak behera egingo zuela.

Antzeko zerbait gertatzen da jarduerarekin eta eskaerekin: Jardueraren kasuan, enpresen % 47,8k uste du bere jarduera lehen hiruhilekokoa bezalakoa izango dela, % 35,4k uste du okerrera egingo duela, eta % 16,9k, berriz, hobera egingo duela. Eta, eskaerei dagokienez, ia erdiek (% 48,4) uste dute antzekoak izango direla; % 30,9, ordea, bolumenak behera egingo duen beldur da.

Joera kontinuista hori nabarmenagoa da prezioen bilakaeran; izan ere, enpresen % 60,2k uste du ez direla aldatuko, % 28,3k uste du jaitsi egingo direla, eta % 11,5ek, azkenik, gora egingo dutela.

Eragiketen errentagarritasunari dagokionez, % 10,8k soilik espero du lehen hiruhilekoan baino errendimendu handiagoak lortzea, eta % 89,2k uste du hiruhileko horretakoak baino txikiagoak edo antzekoak izango dituela (hurrenez hurren, % 37,9 eta % 51,3).

Bestalde, enpresek ez dute euren inbertsio-maila hobetzeko asmorik datorren hiruhilekoari begira: % 56,1ek datozen hiru hiletan maila berari eustearen alde egin du, baina ia herenek (% 30,3) uste dute behera egingo duela, eta % 13,7k soilik, gora egingo duela.

Azkenik, enpleguak motel sendotzen jarraitzen du; izan ere, enpresen % 73k espero du lehen hiruhilekoko maila berean jarraitzea, eta % 15,9k, berriz, behera egingo duela uste du. Azken datu hori duela hiru hilekoa baino nabarmen txikiagoa da; orduan, inkestatutako erakundeen % 29,5 sinetsita zegoen plantilla murriztu egingo zuela.

Enpresa Konfiantzaren Indizeaz gain, LABORAL Kutxak egindako azterketak jarduera berriaren adierazleak biltzen ditu, egoera ekonomiko zehatzagoa deskribatzen laguntzen dutenak. Lehen adierazlearen arabera, enpresen % 54,4ren esportazioak murriztu egin dira, % 40,4ren esportazioek aurreko mailari eutsi diote, eta % 5,3renak hobetu egin dira. Berrikuntzaren edo I+G ekimenen egoera ere ez da hobetu: enpresen % 78,9k kapitulu horretara bideratutako salmenten ehunekoa % 0 eta % 1 bitartekoa da, eta % 3,8k soilik adierazi du % 5 baino gehiago inbertitu duela.

Azkenik, bezeroei kobratzeko epeak ez dira aldatu inkestatutako enpresen % 68,2rentzat; ia % 25ek kobratzeko atzerapenak izan ditu, eta % 7k kobratzeko epeak txikitu ditu. Eta azken urtean ia ez da aldaketarik izan banku-finantzaketa eskuratzeko aukeran, enpresen % 69,7k baldintza beretan lortu ahal izan baitute.

Informazio osoa deskarga dezakezu esteka honetan.

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*