Euskal enpresek ekonomiari buruz duten pertzepzio positiboa sendotu egin da, baina zuhurtziari eusten diote

Laboral kutxa

14 urria, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Osasun-krisiak azken hilabeteetan izan duen bilakaera onaren ildotik, euskal enpresen baikortasuna sendotu egin da urteko azken hiruhilekoari begira, enpresetako ordezkariak oraindik ere zuhur azaldu badira ere.

2021eko azken hiruhilekora begira, Enpresa Konfiantzaren Indizeak igoera xume bat izan du Euskadin, aurreko hiruhilekoko balioarekin —52,7 puntukoa— alderatuta, eta 55,6 puntuan kokatu da; hau da, ekonomiaren hedapen-egoeraren ataria adierazten duten 50 puntuen gainetik. Datu hori bat dator beste eremu geografiko interesgarri batzuetan bildutako datuekin. Hala, Espainian, konfiantza-maila 60 puntutik gorakoa da; eurogunean, berriz, 56,1 puntuan jarraitu du. Enpresen konfiantza-mailak nolabaiteko hobekuntza izan duela erakusten dute datuek; izan ere, aurreko hiruhilekoan hasitako baikortasun-joerari eutsi zaio, 5 hiruhilekoz jarraian ezkortasuna islatu ondoren, LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkestaren arabera.

Lehenik eta behin, konfiantza hori ingurune ekonomikoan islatu da: enpresen % 39 ziur dago datorren hiruhilekoa oraingoa baino hobea izango dela. Beraz, bilakaera ona izan dute enpresek ekonomiaren aurrerapenaren inguruan dituzten aurreikuspenek.

Baikortasuna fakturazioaren eremura ere iritsi da, inkesta egin duten enpresen % 35,4ren iritziz gora egingo baitu urteko laugarren hiruhilekoan. Erdiak baino gehiagok uste du ia ez dela aldaketarik egongo, eta % 13 ezkor azaldu da.

Enpresa-jardueraren inguruko pertzepzioa antzekoa da: % 29,1en ustez handitu egingo da enpresen jarduera; ehuneko horren erdia ezkor agertu da, eta, gehienek, % 55,5ek, ez dute aldaketa handirik espero jarduerari dagokionez.

Azken parametro horrekin eta fakturazioarekin lotura zuzena duten 2 adierazlek salmenta-bolumenarekin eta prezioen bilakaerarekin dute zerikusia. Eta aurreko 2 adierazleekin gertatu denez, bi kasuotan ere positiboa da enpresen pertzepzioa. Hiru enpresatik bat (% 31,5) urtearen azken hilabeteetan eskaeren bolumenak gora egingo duelakoan dago. Nolanahi ere, gehienek ez dute aldaketarik espero. Antzera gertatu da prezioei dagokien adierazlearekin: % 22,4ren arabera garestitu egingo dira, baina % 66,9 eszeptikoago azaldu da eta datozen 3 hilabeteetan ez du prezio-aldaketarik aurreikusten.

Eragiketen errentagarritasuna da euskal enpresen ekosisteman zalantza gehien piztu duen parametroetako bat: erantzunen % 87,8ren arabera errentagarritasuna txikiagoa edo antzekoa izango da, eta % 12,2 dira etekin handiagoak lortuko dituztela uste dutenak.

Datuen arabera, egoera ekonomikoaren gaineko pertzepzioa positiboa da urteko azken 3 hilabeteetara begira, eta, horrez gain, enpresak pandemiaren aurreko inbertsio-planak berreskuratzen hasi direla adierazten dute. Hala uste du inkesta egin duten enpresen % 19,3k; % 66,9k, ordea, inbertsioak bere horretan jarraituko duela deritzo. Ehuneko horiek ia ez dira aldatu aurreko hiruhilekotik hona.

Enpleguarekin lotuta dago ekonomiarentzat berebiziko garrantzia duen beste adierazle bat. Kasu horretan ere, aurreikuspenak ordukoen antzekoak dira: inkesta egin dutenen % 80,3ren iritzian eutsi egingo zaio egungo enpleguari; % 12,6, ordea, baikorragoa da eta langile-taldea handitu ahal izango duela erantzun du.

LABORAL Kutxak egindako lanean beste adierazle eta datu batzuk ere hartu dira kontuan, datozen hilabeteetako agertoki ekonomikoa zehatzago aurreikusi ahal izateko. Horietako bat azken urteko esportazioekin lotuta dago: inkestari erantzun diotenen artean, kanpoko salmenten zifrak hobetu egin dituztela ziurtatu du % 20,0k; antzeko ehuneko batek (% 21,8k), aitzitik, aurkakoa adierazi du. Bi muturren artean, antzeko salmenta-bolumena izan duela azaldu du enpresen % 58,2k.

Aurreko inkestan antzemandakoa bezain urria da azken urtebetean irabazien zati bat I+G arloko ekimenetara bideratu duten enpresen kopurua: enpresen % 7,1ek bakarrik onartu du irabazien % 5 baino gehiago berrikuntzara bideratu izana. Inkestako partaideen % 78,3k adierazi duenez, irabazien % 0 eta % 1 artean bideratu du arlo horretara.

Bezeroei kobratzeko epeen atalean ere ez da aldaketarik egon azken urtebetean, inkesta egin dutenen ia hiru laurdenak erantzun duenez. Epeak handitu egin direla igarri du % 20,5ek eta horiek laburtzea lortu du % 5,1ek.

Banku-finantzaketa eskuratzeko aukerak aurreko parametroaren antzeko bilakaera izan du: inkesta egin dutenen % 74,4k ez du aldaketarik nabaritu, % 16,1ek dio hobetu egin dela eta % 9,4k kontrakoa erantzun du.

Azterketari buruzko informazio osoa esteka honetan lortu ahal izango duzu.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*