Euskadiko enpresak beren aurreikuspen ekonomikoak hozten ari dira 2022ko lehen hiruhilekora begira

Laboral kutxa

10 abendua, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Euskadiko enpresek beren aurreikuspen ekonomikoak hoztu dituzte 2022ko lehen hiruhilekora begira, eta eszeptizismoa nagusitzen ari da berriro haien artean, ondoz ondoko bi hiruhilekotan gehienak baikorrak izan ondoren.

Datorren urtearen hasierara begira, Enpresa Konfiantzaren Indizea nabarmen jaitsi da Euskadin, eta 47,8 puntuan geratu da; hau da, ekonomiaren hedapen-egoeraren ataria adierazten duten 50 puntuen azpitik. Oraingo honetan, eta aurreko epealdietan ez bezala, datu hori negatiboagoa da Euskadin erreferentziazko beste eremu geografiko batzuetan baino; esate baterako, Espainian, konfiantza-maila 56 puntutik gorakoa izan zen, eta eurogunean, 54 puntutik gorakoa. Datu horiek adierazten dute Euskadiko enpresa-ekosisteman ziurgabetasuna nagusi dela oraindik ere, ekonomiaren bilakaerari, nazioarteko merkatuen portaerari eta osasun-egoerari dagokienez, LABORAL Kutxaren Ikerketa Departamentuak Euskal Autonomia Erkidegoko 400 enpresari egindako inkestaren arabera.

Ingurune ekonomikoa eta enpresa-aurreikuspenak

Ziurgabetasun hori adierazten duen lehenengo adierazlea ingurune ekonomikoari eta enpresek datorren urtearen hasierara begira dituzten aurreikuspenei buruzkoa da. Aurreko hiruhilekoan lortutako datuekin alderatuta, joera-aldaketa baten berri ematen du inkestak. Izan ere, enpresen % 42,1ek uste du okerrera egingo duela epealdi horrekin alderatuta, eta % 38,3k uste du bere horretan jarraituko duela, aldaketarik gabe.

Fakturazio-aurreikuspenak eta eskaeren bilakaera

Enpresa-konfiantza neurtzerakoan, kontuan hartu beharreko parametrorik garrantzitsuenetako bat fakturazio-aurreikuspenekin dago lotuta: enpresen erdiek baino gehiagok (% 53,3k) iragarri dute parametro hori ez dela aldatuko datorren urtearen hasieran; inkestatuen ia laurdenek (% 23,4k), berriz, uste dute hobera egingo duela egungo epealdiaren aldean, eta ehuneko berak kontrakoa uste du, okerrera egingo duela, alegia.

Azken adierazle horren ildotik, Euskadiko enpresen ia % 20k uste du bere jarduera gaur egungoa baino hobea izango dela, ia % 27k uste du egoerak okerrera egingo duela, eta gainerako % 54ak, berriz, aldaketarik gabe jarraituko duela.

Eskaeren bilakaera jarduerarekin eta fakturazioarekin lotura estua duen beste aldagai bat da, eta, horri dagokionez, inkestatutako enpresen pertzepzioa ia ez da aldatzen: % 21,1ek uste du 2022aren hasieran eskaera-bolumena handitu egingo dela, % 23,4k argi eta garbi dauka behera egingo duela, eta, azkenik, gehienek (% 55,6k) uste dute hiruhileko honetan bezalako portaera izango duela. Orobat, gehienen ustez, prezioak ez dira aldatuko hurrengo hiletan: galdetutako pertsonen erdiek baino gehiagok uste dute hori, eta % 30ek, berriz, hazi egingo direla.

Errentagarritasun-aurreikuspenak

Eragiketen errentagarritasun-aurreikuspenei dagokienez, gehien-gehienek (ia % 90ek) uste dute errentagarritasuna berdina edo txikiagoa izango dela; gainerako % 10ak etekin handiagoak lortzea espero du.

Gehienen uste horrek zuzeneko eragina du enpresen inbertsio-planetan; izan ere, moteltzen ari dira. Hain zuzen, enpresen % 15,7k soilik uste du gehiago inbertituko duela, eta % 20,7k, berriz, murriztu egingo du inbertsioa, zalantzarik gabe.

Enplegua enpresetan

Azkenik, horrek guztiak impasse-egoeran jartzen du enplegua; izan ere, enpresen % 11,5ek langile-kopurua handitzeko asmoa du, beste horrenbestek uste du kontrakoa egingo duela, eta % 77k egungo langile-kopuruari eutsi nahi dio.

Esportazioen portaera eta I+Gko ekimenak

LABORAL Kutxaren enpresa-konfiantzari buruzko inkestak beste parametro osagarri batzuk ematen ditu, datozen hiletarako egoera ekonomiko zehatzagoa deskribatzen dutenak. Horietako bat esportazioek azken urtean izan duten portaerari buruzkoa da: inkestatuen % 21,2k soilik uste du hobera egin dutela, eta % 24k, berriz, behera egingo dutela.

Ildo horretan, berrikuntzara edo I+Gko ekimenetara bideratutako salmenta-ehunekoa oso txikia izan da azken urtean. Inkestan parte hartutako enpresen % 80k inbertsio txiki-txikia egin du, % 0 eta % 1 bitartekoa, eta % 7,3k, berriz, % 5etik gorakoa.

Kobratzeko epea eta banku-finantzaketa

Bezeroei kobratzeko epeari dagokionez, inkestatutako enpresen % 81,2k ez du aldaketarik nabaritu; % 15,3k, aldiz, epeak luzatu egin direla ikusi du, eta, % 3,4ren ustez, epeak txikitu egin dira.

Amaitzeko, % 80,8k erantzun du bankuen finantzaketa eskuratzeko aukerak ez duela aldaketarik izan azken urtean, eta % 11,5ek, berriz, hobera egin duela.

Informazio osoa deskarga dezakezu esteka honetan.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*