BE-foto-informe-confianza-empresa

Enpresen konfiantza behera etorri da 2020ko hirugarren hiruhilekoari begira

Laboral kutxa

2 ekaina, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

2020ko hirugarren hiruhilekorako Euskadiko enpresen konfiantza-indizeak gainbehera nabarmena izan du eta % 22,6koa da, aurreko hiruhilekoan lortutakoaren erdia ia-ia (% 51,6), segida historikoko baliorik txikienera iritsita. Gainera, indizearen balioa 50etik behera dagoenez, uzkurdura-eremuan gaude, Espainiarekin eta Eurogunearekin bat. Espainian, batez besteko konfiantza-indizea % 18koa izan da martxoan eta apirilean, eta Eurogunean, berriz, % 30,5ekoa maiatzean.

Gainbeheraren arrazoien atzean daude COVID-19ak eragindako osasun-krisia eta maila globalean ezarritako konfinamendu-neurrien ondoriozko jarduera produktiboaren geldialdia. Horixe adierazten dute LABORAL Kutxako Ikerketa Departamentuak egindako azterketako datuek. Gaur egun, herrialde gehienetan hasi dira konfinamendu-neurriak atzera botatzen, eta funtsezkoa izango da normaltasun berrirako itzulera nola egingo den aztertzea. Nolanahi ere, enpresek zalantzaz eta zailtasunez betetako panorama dute aurrean.

Jarraian, ondorio nagusien laburpen txikia eskainiko dizuegu:

Ingurune ekonomikoa

Enpresek ingurune ekonomikoari buruz dituzten aurreikuspenei dagokienez, % 81,3k uste du egoerak okerrera egingo duela oraingo hiruhilekoarekin alderatuta. Beraz, ikuspegi negatiboa da nagusi.

Fakturazioa

Enpresek fakturazioaren harira dituzten aurreikuspenek okerrera egin dute 2020ko hirugarren hiruhilekoari begira: % 71,6ren ustez fakturazioa apalagoa izango da, eta % 20,6ren iritziz berdintsua. Enpresen % 7,8k uste du fakturazioa hobea izango dela.

Jardueraren bilakaera

Aurreko adierazlearekin bat, eta 2020ko hirugarren hilabeteari begira, inkesta egin duten enpresen % 75,8k uste du jarduerak okerrera egingo duela, eta % 7k, berriz, hobera egingo duela. Gainerako % 17,2ak esan du jardueran ez dela aldaketarik izango.

Eskabideak

Inkestari erantzun diotenen % 72,4k uste du eskabideen kopuruak behera egingo duela urteko hirugarren hiruhilekoan, eta % 8,3k hobera egingo duela. Enpresen % 19,3ren iritziz egungo hiruhilekokoaren antzekoa izango da.

Prezioak

Prezioen bilakaerari erreparatuta, emaitzak orekatuagoak dira: % 43,5ek uste du behera egingo dutela, eta % 55,2ren ustez prezioek egonkor jarraituko dute.

Errentagarritasuna

Inkesta egin duten enpresen erdia baino gehiago ezkor azaldu da eta % 57,3k etekin txikiagoak espero ditu, enpresen % 40,6ren iritziz errentagarritasunak berdin jarraituko du eta % 2,1en ustez handiagoa izango da.

Inbertsioa

Datorren hiruhilekorako inbertsio-mailari dagokionez, orain arte aztertutako datuek panorama negatiboa erakusten dute: enpresek etorkizuna argitu arte atzeratuko dituzte inbertsio-planak. Hain zuzen, enpresen % 52,6ren iritziz inbertsioak behera egingo du hirugarren hiruhilekoan, eta % 8,9k uste du gora egingo duela. Ehuneko esanguratsu batek, % 38,5ek, erantzun du inbertsioari eutsi egingo zaiola.

 Enplegua

Azkenik, enpresen % 64,8k uste du enpleguari eutsi egingo zaiola; % 31,5en iritziz langile-taldeak murriztu egingo dira hirugarren hiruhilekoan, eta % 3,6k guztiz kontrakoa uste du, handitu egingo direla.

Adierazle horiek aurreko hiruhilekokoa baino egoera ezkorragoa erakusten dute, enpresen iritziz  jarduerak, fakturazioak eta, finean, enpleguak behera egingo baitute.

Bilakaeraren laburpen-grafikoa

Jarraian, aztertu ditugun azken hiru hiruhilekoetako igurikimenen adierazle partzialen balioa eta osoko balioa ikus daitezke.

taula

Azterketak beste adierazle interesgarri batzuei ere erreparatu die, hala nola esportazioek azken urtean izan duten bilakaerari, berrikuntzara edo I+Gra bideratutako salmenten ehunekoei, bezeroei kobratzeko epeei eta enpresek banku-finantzaketaren eskuragarritasunari buruz duten iritziari.

Informazio gehiago nahi baduzu esteka honen bidez deskarga dezakezu.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*