Ayudas pymes_Banca para Empresas

Enpresa ertain eta txikientzako eta autonomoentzako laguntzak: zer dira eta nola eskatu

finantziazioa, Laboral kutxa

27 martxoa, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Koronabirusaren krisiaren efektua jada nabaritzen ari da ekonomian, eta, batik bat, ete eta autonomoengan, bi talde ahulenak izatera iritsi baitira. Pandemiak gure osasunean arriskua sortzeaz gain, Covid-19ak gure enpresa-ehuna ere indarrez astindu du, negozio asko denboraldi baterako ixtera behartu baititu.

Egoera horren aurrean, neurri eta laguntza asko iragarri dira egun hauetan arlo ezberdinetan. Baina, zer dira prestazio horiek? Noiztik daude eskuragarri? Nola eskura ditzakegu?

LABORAL Kutxan, zerrenda bat egin dugu laburpen gisa, egun dauden laguntzen informazio garrantzitsuenarekin:

Ezohiko prestazioa jarduera uzteagatik

Jarduera etenda geratu diren edo fakturazioa aurreko seihilekoarekin alderatuta %75 murriztu zaien negozioentzat (pertsona fisikoak nahiz juridikoak). Martxoaren 17ko 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuan argitaratua.

Prestazioa eskatzeko, ez da beharrezkoa beste prestazioetarako eskatzen den gutxieneko kotizazio-denboraldia betetzea, baizik eta erregimenetariko batean alta emanda egotea eta gizarte-kotizazioen ordainketa egunean izatea.

Informazio gehiago esteka honetan.

Jarduera aldi baterako doitzeko mekanismoak malgutzeko neurriak

ERTE delakoez ari gara; hau da, enplegu-erregulazioko espedienteak, egoera jakin batzuetan, langileen kontratuak bertan behera uzteko edo jardunaldia murrizteko aukera ematen dutenak. Prozedura horien ebazpena 5 egunera bitarte arintzea aurreikusten da, eta enpresak gizarte segurantzaren kotizazioak ordaintzetik salbuesten dira kontratua eteteko edo jardunaldia murrizteko denboraldiak irauten duen bitartean. Horiek ere martxoaren 17ko 8/2020 Legegintzako Errege Dekretuan jasotzen dira.

Informazio gehiago esteka honetan.

Autonomoen eta enpresen zerga-zorrak atzeratzeko neurriak

Neurri hori jada jaso zen estatu-mailan martxoaren 12ko 7/2020 Legegintzako Errege Dekretuan, eta horrekin bat egiten joan dira Foru Aldundiak nahiz Udal asko. Artikulu banatan azaltzen da Foru Ogasun hauen kasua: Bizkaiko Foru Ogasuna, Arabako Foru Ogasuna eta Gipuzkoako Foru Ogasuna.

Autonomoen eta Eteen finantzaketa errazteko neurriak

Gobernu Zentralak iragarritako neurriez haratago, zenbait Autonomia Erkidegok proposamen batzuk atera dituzte eteentzako eta autonomoentzako laguntzak osatzeko; hala egin du, adibidez, Eusko Jaurlaritzak.

Euskal exekutiboak berehala hartutako neurrien artean, nabarmentzekoa da jada aurrekontu-mailan esleitutako 500 milioi euroko partida, Elkargi EBBek eta finantza-erakundeek (tartean LABORAL Kutxa) kudeatutako Finantzaketa-lerroan amaituko duena.

Finantzaketa horren helburua datozen 6 hilabetetako gastu finkoak estaltzea izango da: langileak, zergak, kanpoko zerbitzuak, amortizazioak eta finantza-gastuak. Horretarako, 500 milioi euroko mailegua jarriko da ete, profesional eta autonomoentzat bost urtetan zero kostuarekin eta gabeziako batekin:

  • Autonomoak: 5.000 €-tik 50.000 €-ra bitarte
  • Enpresak: 50.000 €-tik 1.000.000 €-ra bitarte

Datozen egunetan online ataria abian jartzea aurreikusten da eskaerak zentralizatzeko. Bitartean, informazio osoa deskarga dezakezu esteka honen bitartez.

Halaber, Nafarroako Gobernuak kredituen eta abalen lerro berezia ezarri du koronabirusaren krisiak eragindako aparteko gastuak arintzen ahalegintzeko.

Foru Exekutiboaren jarduera hauek hiru lerro nagusitan eratzen dira:

  1. 100 milioi euroko funtsa sortzea, gehitu daitekeena beharrezkoa izanez gero
  2. Lerro espezifikoak ezartzea kredituak 30 milioira arte zabaltzeko, eta enpresentzako 40 milioira bitarteko abalak.
  3. Giza eta aurrekontuen baliabide publiko guztiak mobilizatzea larrialdi hau artatzeko.

Informazio gehiago esteka honetan.

LABORAL Kutxan ziur gaude larrialdiko laguntza eta neurri berriak sortuko direla, bizi dugun alarma-egoera honi aurre egiteko. Hori dela-eta, gure LinkedinTwitter eta Bloga bisitatzera gonbidatzen zaituztegu, zuentzat interesgarriak diren berri guztiak argitaratuko baititugu.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*