Zure enpresarentzako 2020ko social recruiting estrategiarik onenak

Interesgarria

23 uztaila, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Sare sozialek aspaldian utzi zioten denbora-pasa hutsa izateari; gaur egun, indar handiko tresna profesionalak dira, adibidez marketinaren eta komunikazioaren arloetan. Recruitinga edo talentua erakartzea da hazkunderik handiena izan duten sektoreetako bat. Zure enpresak hainbat estrategia ditu eskura, sare sozialen bidez talentua erakartzeko kanpaina eraginkorrak egiteko.

Talentua erakartzeko onlineko estrategiak

  1. Landu zure enpresaren onlineko ospea

Enpresak ez dira haiek esaten dutena, jendeak haietaz uste duena baizik. Zure enpresak sare sozialetan erakarri nahi badu talentua, onlineko ospe ona lortu behar du. Hasteko, ikertu zer argitaratzen duten zure lehiakideek eta nola aurkezten duten beren burua, zuk nola nabarmendu behar duzun jakiteko: Zer eduki baliotsu eskain dezaket? Nola transmitituko ditut neure balioak era erakargarri batean?

Hautagaiak erakartzeko, funtsezkoa da zure enpresa sare sozialetan aktibo egotea eta eduki profesional interesgarriak sortzea. Zure enpresaren onlineko presentzia eta komunitate horrekin dituzun harremanak oinarrizkoak dira sektoreko erreferentziako enpresatzat har zaitzaten, eta, ondorioz, jende gehiagok enpresa gomenda dezan eta bertan lan egin nahi izan dezan.

  1. Jarri harremanetan pertsona egokiekin

Jarri harremanetan pertsona egokiekin eta bihur itzazu jarraitzaile. Bilatu «sektorean lider» diren pertsonen profila, hau da, zure enpresaren arlo berean diharduten profesional adituena. Komunikatzeko era garrantzi handikoa da pertsona haiengana iristeko. Izan jatorra, sortu mezu pertsonalizatuak, aztertu haien interesak eta inbertitu denbora copywritingean.

  1. Erabili traol-hitz zuzenak talentua erakartzeko kanpainan

Traol-hitzak lagungarri izan daitezke sare sozialetan mezu batek irismen handiagoa izan dezan. Bi estrategia balia daitezke traol-hitzak sare sozialetan talentua erakartzeko kanpainetan behar bezala erabiltzeko: batetik, enplegu bila ari direnek Twitterren, Facebooken eta Instagramen sartzen dituztenak aurkitu eta zure prozesuan erabiltzea; bestetik, zureak sortu eta joera izan daitezen saiatzea, horiek partekatzeko prest dagoen komunitate batek lagunduta. Traol-hitz bat erabili baino lehen, ziurtatu nahikoa esklusiboa dela eta ez dela beste batzuekin nahasten. Gainera, hornitu beti eduki erakargarriez. Bestela, porrot egingo du.

  1. Zaindu zure LinkedIneko profila

LinkedIn da foro guztietan egokiena. Sare profesional nagusia da, mundu zabaleko enpresa eta profesional gehienek erabiltzen duten plaza handi baten antzekoa. Horregatik, funtsezkoa da zure enpresak LinkedIneko profila bereziki zaintzea eta jarduera bizia izatea bertan, talentua erakartzeko 3.0 prozesuan erakargarria izan dadin. Hona hemen egoitza Euskadin duten eta LinkedInen profil nabarmenak dituzten enpresa batzuk:

  • EROSKI. Estatuko banaketa-enpresa nagusietako bat da. Azpimarratzekoa da haren edukia: hurbila da, pertsonei ikusgarritasuna ematen die eta inklusibotasun- nahiz jasangarritasun-balioak indartzen ditu. LinkedIneko profilak 30.000 jarraitzaile baino gehiago bereganatu ditu.
  • Iberdrola. Energia-enpresa hori erreferentziazkoa da sare sozialetan proiektuak, lorpenak eta balioak aurkezten. Eman nahi duen irudiarekin zuzenean lotzen diren ideiak nabarmentzen ditu argitalpen guztietan: dibertsitatea, jasangarritasuna eta etika digitala. 000 jarraitzaile ditu.
  • ORBEA. Txirrindularitzan espezializatutako enpresa hori oso aktiboa da talentua erakartzeko zereginetan, eta dituen enplegu-eskaintza guztiak argitaratzen ditu bere profilean. Eduki esklusiborako sarbidea eskaintzen du sare sozialen bidez, eta interesa pizten du txirrindularitzaren inguruko adituen eta zaleen artean. 000 jarraitzailetik gorako komunitatea du.
  1. Aztertu Instagram erabiltzea

Sare sozial hori batez ere bisuala bada ere, azken urteotan hazkunderik handienetakoa izan du —dagoeneko 16 milioi erabiltzaile ditu— eta millennialek gehien erabiltzen dutenetako bat da. Gainera, enpresentzako bertsioa ere badu, eduki interesgarriak argitaratzeko: zure enpresaren jarduerari buruzko informazio baliotsua, kontaktua, CVa bidaltzeko helbide elektronikoa edo zure marka bultzatzeko argitalpenak. Horrez gain, estekadun storyak edo irudi deigarriak erabil ditzakezu, lanpostuari publizitatea emateko.

  1. Nahasi zure lantaldea prozesuan

Sare sozialetako profiletan eskaintza bat partekatzeko eska diezaiekezu lantaldeko kideei. Batez ere, prozesuarekin zerikusia duten departamentuetako lankideei. Dena den, garrantzi handikoa da sare sozialetako politika zehaztuta izatea eta erakundeko pertsona guztiek errespetatzea, enpresaren izenean argitalpenen bat egin behar badute.

  1. Prestatu talentua erakartzeko kanpaina on bat

Jarduera organikoak esperotako emaitzak ematen ez baditu, une egokia izan daiteke ordainpeko publizitate-kanpainak erabiltzea aztertzeko. LinkedInek, Facebookek, Instagramek eta Twitterrek iragarkiak jartzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, segmentazio ona dute, eta edozein aurrekontutara egokitzeko gaitasuna. Hauxe da kanpaina horien abantaila: aukera ematen dute kanpaina aldatzeko edo bertan behera uzteko, iragarkien hartzaileen profila aldatzeko eta iragarkien edukia moldatzeko, emaitzak itxaropenekin bat etortzen ez badira. Oro har, hainbat profiletara iristeko, aukerarik onena da talentua erakartzeko kanpaina hainbat sare sozialetan egitea.

  1. Erabili zure etorkizuneko enplegatuen interesari eusteko teknikak

Behin komunikazio-bideak ezarri ondoren, garrantzitsua da zure jarraitzaileek lanpostuarekiko interesari eustea. Hasteko, mezu zuzenak bidal diezazkiekezu, edo beraiekin bideodeiak egin ditzakezu, haien galdera guztiei erantzuteko eta eskaintzaren xehetasunak argitzeko. Lehen kontaktuaren ondoren, offlineko unea iritsiko da: hautagaia zuzenean ezagutu behar da, eta lantokia eta lantaldea aurkeztu eta erakutsi behar zaizkio.

Espero dugu estrategia horiei esker hautagai-profil egokiak aurkitzea sare sozialen bidez. Baina, gogoan izan: sare sozialak zure enpresaren luzapena baino ez dira, eta horietan islatzen duzun irudiak errealitatean oinarrituta egon behar du. Alderdiren bat esajeratzeak eta hautagaien itxaropenekin jolasteak eragin kaltegarria izan dezakete zure marka-irudian.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*