be-art-entrevista-batela

Urko Atxotegi: «Erronkarik handiena etorkizuneko bezeroek beren herrialdeko enpresa batekin lan egiten ari diren sentsazioa izatea da»

Interesgarria

8 iraila, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

BATELA 1991n jaio zen, Anek eta Enekok itsas salgaien denda bat erosi, eta beren lehen jantzia diseinatu eta merkaturatzeko abenturari ekin ziotenean. Zira hori bat izan zen, markaren ikonoetako bat, hain zuzen. 30 urte geroago, Getariako enpresa horrek hiru negozio-lerro ditu, modari ez ezik dekorazioari ere heldu baitiote, betiere estilo nautikoari atxikita: BATELA Moda, BATELA Deco eta Tänta Rainwear. Urko Atxotegik, familia-enpresa horretako gerenteak eta sortzaileen ilobak, markaren nazioarteko hedapena nolakoa izan den kontatu digu. Gaur egun, Frantzian, Italian, Alemanian, Erresuma Batuan eta beste herrialde batzuetan ere aurki dezakegu Batela marka, baina baita hurbilago ez dauden merkatuetan ere, hala nola Finlandian edo Japonian.

 

ENPRESENTZAKO BANKA. Mundu nautikoan oinarritutako estiloari esker, mugak zeharkatu ahal izan du enpresak. Nola sortu zen beste herrialde batzuetan saltzeko aukera?

URKO ATXOTEGI. «Atzerrira jotzeko lehen pausoa Frantzia hurbil dagoelako eman zen. Moda nautikoak tradizio handia du herrialde horretan, eta BATELArentzat urrats naturala zen. Hortik aurrera, enpresaren borondate argia izan da nazioartekotzea, aukerak askotan borondatetik sortzen direlako».

 

EB. Zein izan ziren erronka nagusiak nazioartekotzeko bide horretan?

«Gure ustez, merkatu berri batean sartzean, etorkizuneko bezeroek euren herrialdeko enpresa batekin lan egiten ari diren sentsazioa izatea da erronkarik handiena. Banatzaile berriekin lanean hasten garenean, gure enpresa atzerrikoa izatea oztopotzat har ez dezaten saiatzen gara. Horretarako, aldez aurretik oinarrizkoak diruditen baina ezinbestekoak diren alderdi hauek zaintzen ditugu: tokiko merkataritza-sarea, herrialdeko hizkuntza ezin hobeto hitz egiten duen back office bat, merkataritza-material egokitua, entregatzeko arrazoizko epeak eta herrialdera egokitutako ordainketa-baldintzak».

 

EB. Zer pisu du esportazioak markaren emaitzetan?

«2020an, fakturatutako diru-sarrera guztien %65 esportazioari esker lortu zen. Gure kasuan, esportazioek negozio-zifran duten pisuak goranzko joera du».

 

EB. Zein da xede-bezeroaren profila? Desberdintasunik dago estatuko bezeroaren eta nazioarteko bezeroaren artean?

«BATELAren kasuan, bezeroaren eredu nagusia kostaldeko herri bateko denda txiki independentea da. Eta hori ez da asko aldatzen herrialde batetik bestera».

«Tantären kasuan, bezeroaren eredua marka anitzeko denda independentea ere bada, baina, kasu horretan kokapena aldatzen da: hirian kokatutako dendak izaten dira».

 

EB. COVID-19aren krisiak bezeroen erosketa-joera aldarazi du. Nola eragin die horrek enpresaren salmentei?

«Onlineko erosketak gorantz zihoazen lehendik, baina argi dago COVID-19aren krisiak hazkunde hori areagotu duela. Horren ondorioz, denda fisikoak sufritzen ari dira, eta gure salmentek, oro har, behera egin dute. Nolanahi ere, komeni da pixka bat gehiago zehaztea, erreakzioa ez baita berdina izan negozio-lerro guztietan:

  • BATELA arropa. Pandemiaren ondorioak gehien pairatu dituen lerroa da, ziurrenik, bezero gehienak kostaldekoak direlako. Turismoaren beherakadarekin, batez ere Mediterraneoan, salmentek zuzeneko kaltea izan dute.
  • BATELA dekorazioa. Batetik, arropa-lerroaren kasuan aipatu dugun egoera bera ikus dezakegu. Hala ere, pandemia hasi zenetik, areagotu egin da pertsonek beren etxeak dekoratzeko duten interesa, eta, beraz, negozio-bolumenari eutsi diogu 2020an, orokorrean.
  • Tantä. Hazten ari den marka gaztea denez, zaila da krisiak hartan izandako eragin negatiboa neurtzea. 2020an hazi gara eta 2021ean ere haziko gara. Gehiago haziko ginatekeen krisia piztu ez balitz? Seguru asko, baina ez da erraza hori kuantifikatzea.

2021ean denda fisikoetara egiten ditugun salmentak 2019ko mailara itzultzea espero dugu, eta, aldi berean, onlineko salmentan ari gara lanean. Izan ere, gure webgune berria jarri dugu martxan duela gutxi. Hartan, arropa-bilduma ez ezik, dekorazioaren munduko gure produktu guztiak ere aurkituko dituzte bezeroek».

 

EB. Zein dira BATELAren helburu eta erronkak etorkizun hurbilerako?

«Erronka nagusia COVID-19aren aurretik genuen hazkundea berreskuratzea da. Horretarako, hiru lan-lerro lantzen ari gara batez ere:

  • Sormena. Argi dugu gure negozioaren oinarria urtean bitan produktu-sorta berria eskaintzea dela, eta horrek etengabeko sormen-gaitasuna eskatzen du.
  • Nazioartekotzea. Oraindik ere ez gara merkatu guztietara iritsi, eta gure presentzia handitu nahiko genuke beste hainbatetan.
  • Onlineko salmenta-kanala. Ez dugu gure B2B bezeroekin lehian sartu nahi, eta kontu handiz jokatzen saiatzen gara arlo horretan. Hori kontuan hartuta, egia da, halaber, leku askotan oraindik ez dugula presentziarik: gure asmoa da gure produktuek oztopo fisiko horiek gainditzea, eta leku horietara eta pertsona horiengana iritsi ahal izatea.

 

Gogoratu, BATELAk bezala, LABORAL Kutxak aholkularitza eman diezazukeela zure enpresa nazioartekotzeko prozesuan. Jarri harremanetan zure bulegoarekin.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*