Plan de formación

Sortu zure taldearentzako prestakuntza-plana

Ekonomia soziala, Interesgarria

28 apirila, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

«Ikastea korrontearen aurka arraun egitea bezalakoa da: uzten denean atzera egiten da». Benjamin Britten konpositore britainiarraren esaldi horrek modu grafikoan adierazten du prestakuntza-planak duen garrantzia merkatuan posizio nabarmena izateko orduan.

Globalizazioaren eta digitalizazioaren eskutik, nazioarteko merkatuak joko-taula bakar bat bihurtu dira. Edozein enpresak har dezake parte nitxo bat lortzeko lehian, duen tamaina duela eta dagoen lekuan dagoela.

Prestakuntza-planei esker, enpresek berrikuntzaren bidez eutsi diezaiokete berrikuntzari, eta, gainera, funtsezko egitekoa dute langileen gaitasun profesionalak hobetzeari dagokionez.

Prestakuntza-planen helburuak enpresan

  • Birziklatze profesionalerako programak garatzen laguntzen dute.
  • Lagungarriak dira enpresen errendimendua eta lehiakortasuna handitzeko.
  • Barne-sustapenerako aukerak sortzen dituzte.
  • Balioaniztasun profesionala lantzen dute.
  • Plantillen gogobetetasun-maila hobetzen dute.

Gainera, herri baten produkzio-sarea sendotzen laguntzen duten heinean, horrelako ekimenak ez dituzte enpresek bakarrik bultzatzen, barrura begira; badaude programa publikoak eta mistoak ere, zenbait erakunderen laguntza dutenak, honako hauenak, adibidez: Lanbide, Laneko Prestakuntzarako Estatuko Fundazioa (Hiruko Fundazioa) eta Europako Gizarte Funtsa.

Programa horien helburua enpresetako plantilletako pertsonen gaitasun profesionalak hobetzea da, baina baita lan bila dabiltzanena eta sektore profesionalez aldatu nahi dutenena ere.

Nola egiten da prestakuntza-plan bat?

Zure enpresak prestakuntza-helburuak betetzea lor dezan, honako pauso hauek eman behar dituzu:

  1. Aurretiko diagnostikoa eta egoeraren analisia. Lehen pausoa enpresaren abiapuntuko egoera eta barneko eta kanpoko beharrak aztertzea da. Horrela, eraginkortasuna eta lehiakortasuna handitzeko behar dituen ezagutzak eta trebetasunak zehaztuko ditugu.
  2. Prestakuntza-plana diseinatzea. Jarraian, enpresak helburu horiek lortzea ahalbidetuko duen prestakuntza-estrategia diseinatu behar duzu. Horretarako: lehenik eta behin, hazteko behar dituen elementuak identifikatu behar dituzu; bigarrenik, enpresak plantillaren bidez eskura dituen ezagutzak eta trebetasunak identifikatu behar dituzu, eta, azkenik, emaitza horiek enpresaren beharretara egokitu behar dira. Gogoratu, enpresaren baliabideak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen lortzea dela prestakuntza-plan baten helburuen funtsa.
  3. Abian jartzea. Fase horrek prestakuntzaren alderdirik praktikoena hartzen du, eta nahitaezkoa da enpresaren barruan plangintza egokia egitea. Plana abiatzeko fasean egitekoak:
  • Prestakuntza-helburuak bete ahal izateko irakatsi behar diren ezagutza teorikoak eta praktikoak zehaztea.
  • Prestakuntza-programa aurrera eramateko egokia den pertsonen kopurua eta haien identitatea ebaztea.
  • Programa ezartzeko egokiena den urte-sasoia aukeratzea, produkzio-beharrak kontuan hartuta, prestakuntzak ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzan.
  • Ikastaroen gehieneko iraupena finkatzea.
  • Ordutegirik egokiena adieraztea, bertaratuko diren gehienen ordutegiekin bateragarri izan dadin.
  • Aurrez aurreko modalitatea edo online prestakuntza izango den erabakitzea, plantillaren ezaugarrien arabera.
  • Ikastaroak emateko gunerik egokiena bilatzea.
  1. Emaitzen ebaluazioa. Prestakuntza-planaren helburuen betetze-maila egiaztatzeko eta balantzea egiteko unea da.
  • Zenbatu zenbat pertsonak hartu duen parte ikastaro bakoitzean.
  • Egiaztatu ikaskuntza-maila eta ezagutzen transferentzia.
  • Ebaluatu irakaskuntzan aplikatutako berrikuntza-maila eta egin gogobetetze-inkestak, bai prestakuntza eskaini dutenen artean eta bai hartzaile izan direnen artean.

Ebaluazio horren bidez hasierako helburuen betetze-mailari buruzko informazio objektiboa eta subjektiboa eskuratuko duzu, eta, azken finean, zure inbertsioarekin lortu duzun irabazia neurtuko duzu, ROI (Return On Investment) delakoa.

  1. Azken emaitza. Prestakuntza-planaren eraginkortasuna baliagarri izango da enpresaren lehiakortasuna handitzen lagunduko duten hobetutako tresna berriak prestatzeko.

Beraz, zenbait alderdiri erreparatzeko unea da: prestakuntzaren eraginkortasuna, ikaskuntzaren balorazioa, errentagarritasuna eta egin daitezkeen hobekuntzen azterketa.

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*