Scaleup negozioak, startupen hurrengo urratsa

Interesgarria

23 azaroa, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

2008an, Jendez jositako Paris zakar eta elurtu batean taxi bat aurkitu ezinak etsita, Travis Kalanick-ek eta Garret Camp-ek app bat asmatzea erabaki zuten, botoi bat sakatu hutsarekin garraioa lortzeko. Hori izan zen UberCab aplikazioaren jatorria. Pixkanaka, Premium zerbitzuak eskaintzen hasi zen San Frantzisko inguruan, baina, bi urte geroago, goraka hasi zen, gaur Uber dena bihurtu arte: ia 27.000 langile dituen konpainia bat (bankuek 100.000 milioi euro inguruko balioa eman zioten duela ia hiru urte).

Uberren kasua Airbnb, Pinterest eta Apple konpainien kasuei gehitu ahal zaie scaleup fenomenoa irudikatzeko, startupen bilakaeratzat har daitekeen terminoa. Bi kontzeptu horiek ohikoak dira dagoeneko edozein ekintzailetza-ekosistematan, baina desberdintasun garrantzitsuak dituzte, izendapenetik hasita.

Startup vs scaleup

Startup bat sortu berri den enpresa da, bere produktu edo zerbitzu berritzaileak saltzeko teknologia berriak erabiltzen dituena. Eredu eskalagarri bat da, eta hazkunde azkarra eta iraunkorra lortzera bideratuta dago; bertan, talentua oinarrizko tresna da hedapena finkatzeko. Eredu horrek ez du kapital-injekzio handirik behar, baina inbertitzaile pribatuak edo business angels deiturikoak izaten dira finantzaketa-bide nagusia.

Scaleup batek, berriz, beste garapen-maila bat izaten du: oro har, merkatuan dagoeneko finkatuta dagoen eta bere hedapen- eta hazkunde-fasea hasita duen startup bat dela esan genezake. Hau da, eredua dagoeneko testatuta egonik, hazteko eta enpresa eskalagarri bihurtzeko erronkari aurre egiten dion negozio bat izango litzateke.

Scaleup baten ezaugarriak

Oro har, scaleup negozioek gainerako enpresa-ereduetatik bereizten dituzten ezaugarri batzuk dituzte.

  • Startup bat izaten dute abiapuntu. Scaleup enpresek startupen printzipio berberak izaten dituzte, baina badute bereizgarri bat, dagoeneko finkatuta izaten baitute merkatuko posizioa: core berritzaileko enpresak dira, eta teknologia berrietan oinarritzen dute beren lana eta hazkundea. Hala ere, batzuetan frogatuta dagoen negozio bat berriz dimentsionatzea izaten dute helburu, hau da, negozioa eskala handian ustiatzea, beste startup, zentro teknologiko edo unibertsitate batzuek balioztatu ondoren.
  • Berritzailea da eta etengabe mugitzen da. Scaleup bat ez da ETE konbentzional bat: oinarri dinamikoa du, merkatuko berrikuntzei begira dago emaitzak optimizatzeko eta etengabe mugitzen da. Scaleup enpresek negozio-aukerak bilatzen dituzte beste merkatu batzuetan, eta beste jarduera-sektore eta inbertitzaile batzuetara zuzentzen dira, besteak beste.
  • % 20tik gorako fakturazio-hazkundea 3 ekitalditan. Mota horretako enpresen izaera eskalagarria dela eta, fakturazioa handitzea izaten da haien helburu nagusia. Scaleupak ikuspuntu ekonomikotik hazteko pentsatuta daude, % 20 inguruko proportzioan hiru urtetan. Zifra horrek eraman dezake startup bat scaleup bihurtzera.
  • Kalitate handiagoko lanpostuak sortzen dituzte. Talentua da enpresa horien bereizgarrietako bat. Horien core berritzailea dela-eta, ezinbestekoa da gaitasun espezifikoak dituzten eta baldintza-berdintasunean parte hartzen duten pertsonak enplegatzea. Lanpostu guztiak dira garrantzitsuak, eta kideek parte hartzea erabakigarria da arazoei irtenbidea emateko eta ideiak sortzeko.
  • Tokiko hazkundean laguntzen dute. Ezaugarri horien guztien eraginez, scaleupak oso eredu erakargarria dira edozein enpresa-ekosistemarentzat; izan ere, tokiko negozioa mantentzen eta hazten laguntzen dute beren jarduerarekin.

Prest al dago zure enpresa?

Startup bat scaleup bihur daitekeen ala ez jakiteko unea iritsi da. Zantzu jakin batzuek enpresaren heldutasun-maila ezagutzeko aukera ematen dute urrats hori emateko orduan:

  1. Aztertu enpresak bizi duen egoera. Produktibitate-maila batera behar baino lehenago iristeak nahi denaren aurkako efektua izan dezake; horrenbestez, eskalatzen hasteko unerik egokiena bilatu behar da.
  2. Ebaluatu taldea. Produktibitatearen igoera hori onartzeko, prestatuta dagoen eta erronka berriak hartzeko gai den talde bat izan behar da.
  3. Kontuak ondo egitea. Irabazteko ezinbestekoa da inbertitzea eta, horretarako, kaudimen ekonomikoa eta B plan bat behar dira, gauzak behar bezala gertatzen ez direnerako. Baina, horrez gain, helburu errealistak zehaztu behar dira, enpresaren eskalagarritasuna zehatz-mehatz ebaluatu ahal izateko.
  4. Teknologiak aliatu bat izan behar du. Digitalizazioak ohiko metodoekin lortzen dena baino askoz eraginkortasun handiagoa eman die enpresa- eta produkzio-prozesu guztiei. Horregatik, beharrezkoak diren tresna teknologikoak ezarri behar dira prozesu horiek modu eskalagarrian optimizatu ahal izateko.
  5. Marketin- eta salmenta-estrategia egokia diseinatzea. Scaleup negozioaren premia berrietara egokitutako marketin-estrategia diseinatu behar da. Gaur egungo bezeroak zaindu egin behar dira, baina, gero, zorroa handitu egin behar da, marketin eraginkor batekin.

Azken batean, startup bat scaleup bihurtzeko ezinbestekoa da etengabe ikastea, etengabe aldatzen ari den ingurune globalean.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*