be-art-edge-computing

Edge Computing: Hodeiaren eboluzioari esker, denbora, dirua eta energia aurrezten dira

Interesgarria

11 urtarrila, 2022 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Azken bi urteetan, informatikako aditu bihurtu behar izan dugu telelanari esker (edo haren ondorioz). Orain, adituak gara Zoom, Meets eta Slack tresnetan, gure kideekin hitz egiteko; Trello erabiltzen dugu gure zereginak antolatzeko, eta Dropbox eta Google Drive kontrolatzen ditugu fitxategiak partekatzeko eta hodeian lan egiteko. Urteak dira hodei-konputazioak (Cloud Computing) gure bizitza erosoago egiten duela: iCloud sistemak gure Apple gailu guztiak lotzen ditu ia gu ohartu gabe, eta Google Argazkiak tresnak gure sakelako irudiak denbora errealean biltegiratzeko aukera ematen digu, eta, galtzen baditugu ere, berreskuratu egin ditzakegu.

 

Cloud vs Edge

Teknologia guztiak bezala, Cloud Computinga etengabe aldatzen ari da, eta hurrengo urratsa Edge Computinga edo periferiako konputazioa da. Hodeiak modu pasiboan funtzionatzen du: gure informazioa biltzen du Gauzen Interneten (IoT dira ingelesezko siglak) eta sentsore ezberdinen bidez, eta, ondoren, lan-zentro handietara bidaltzen du. Zentro horietan, informazioa prozesatu eta zenbait ondorio ateratzen dira, eta gertaera batzuk aktibatu eta lana automatizatzen da. Prozesu garestia eta motela da, eta energia asko kontsumitzen du. Hori dela eta, Edge Computingak urrunago joan nahi du, konputazio banatuaren paradigma bat baita, konputazioa eta datu-biltegiratzea behar den kokalekura hurbiltzen dituena. Aukera horrek abantaila ugari ditu:

 

  • Ezagutzak azkarrago eskuratzen dira.
  • Erantzun-denborak hobetzen ditu.
  • Prozesuak optimizatzen ditu.
  • Banda-zabalera aurrezten du.
  • Energia gutxiago kontsumitzen du.
  • Sistema gutxiago saturatzen da, ez baitago Hodeiaren mende.
  • Zibersegurtasuna hobea da, informazioa banatuago dagoelako.

 

Hobekuntza horren ondorioz, zehaztasun gehiago lortzen da bildutako datuen tratamenduan, eta ezin hobea da enpresen eta industriaren arloan aplikatzeko, tresna hori erabiltzen duten gailuei autonomia gehiago ematen baitie, eta, beraz, gure smart gailuak baino adimentsuagoak dira. Etengabe online konektatuta dauden gailuak (telefonoak, ordenagailuak, tabletak, telebistak, kontsolak, hozkailuak, autoak, erlojuak, eskumuturrekoak…) gero eta gehiago direnez, aurrekaririk gabeko datu-bolumena sortzen ari da, eta handituz joango da epe laburrera, 5G sareen hedapenak eraginda. Gaur egun, 300.000 milioi gailu inguru daude konektatuta, datuak transmititzen hodeira; hau da, bost gailu Lurreko biztanle bakoitzeko. Kopuru horrek aise gainditu du Hodeiaren azpiegitura tradizionalaren ahalmena.

 

Konputazioaren gobernu erregionala

Orain, lortutako datuak (big data) zehatzagoak eta baliagarriagoak izan daitezen, sarearen periferian (cloud edge) prozesatzen dira, sortzen dituen iturrian bertan edo harengandik ahalik eta hurbilen. Demagun Cloud Computinga informazio guztia biltzen zuen gobernu zentrala dela; hortaz, Edge Computinga herrialde batean kudeaketa zentralizatzea saihesteko ezarritako gobernu erregionalek edo autonomikoek osatuko lukete. Teknologia honek, 5G sareari lotuta, aukera ugari sortu ahal ditu sektore guztietan. Konputazioa eta datu-biltegiratzea sortzen diren lekura hurbiltzen ditu, eta, ondorioz, datuen kontrola hobetu daiteke, eta kostuak murriztu, ezagutzak eta ekintzak azkartu, eta eragiketak etenik gabe egin. Izan ere, Gartner-en ustez, 2025erako, horrela prozesatuko da enpresen datuen % 50. Gaur egun, berriz, % 10 baino ez da horrela prozesatzen.

Edge Computingak ustiatu gabeko datuen kopuru handien potentziala aska dezake, eta negozio-aukera berriak eskaini. Efizientzia operatiboa areagotzeko eta bezeroentzat esperientzia azkarragoak, fidagarriagoak eta koherenteagoak eskaintzeko aukera ematen du. Informazio hori ezagutzea, prozesatzea eta aztertzea lagungarria izan daiteke enpresa bideratzeko edo birbideratzeko, oztopoak prebenitzeko eta merkatuko joera berriak aldez aurretik ikusteko. Hodeiak izugarri erraztu ditu gure bizitzak hamarkada batez, baina, hurrengo mailara pasatzeko, zehaztasuna hobetzeko eta kostuak aurrezteko unea da. Edge Computinga da enpresaren etorkizuna, eta hemen dago jada.

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*