Data driven eraldaketa: zer da, eta nola lagundu diezaioke zure enpresari

Interesgarria

17 ekaina, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Datuak dira XXI. mendeko lehengai nagusia. Digitalizazioari esker, geroz eta enpresa gehiagok erabiltzen dituzte datuak prozesuak hobetzeko, efizientzia areagotzeko eta errentagarriagoak izateko. Sektore guztietako enpresez ari gara: produktuen kontsumoa zehatz ezagutu nahi duen hipermerkatu bat, adibidez, hartara eskari berriak aurreratzeko, edo konpainia industrial bat, makinerian mantentze-lan prediktiboak egiteko funtzionamendu-sentsoreek bidaltzen dizkioten datuak erabiltzen dituena.

Enpresen ekosistema zabal horretan, bada sektore bat informazioaren kudeaketa hutsetik harago jo eta datuak jardueraren oinarri eta erabakien ardatz gisa erabiltzen dituena: data driven konpainiak.

Big Data eta adimen artifiziala

Baina, zer da data driven eraldaketa? Nola erabili behar da enpresaren kudeaketa eraginkorragoa izan dadin? Hauek dira enpresak kudeatzeko ohiko metodoen oinarriak: zuzendarien esperientzia, merkatuko joeren azterketa eta proiekzioa, eta —neurri batean behintzat— norberaren intuizioa. Digitalizazioaren tresnen erabilera hedatu ahala, ordea —Big Data eta, batez ere, adimen artifiziala—, datu-kantitate izugarriak metatzen hasi dira enpresak, eta erabakiak haien irakurketan eta interpretazioan oinarritzen. Data driven enpresen adibide ugari daude, eta guztietan nabarmen teknologikoa da muina.

Eduki-plataforma, nahierara

Ikus-entzunezko edukien Netflix plataforma da esanguratsuenetako bat. Ikusleak eskatu ahalako entretenimendua eskaintzen du Netflixek, eta moldakortasuna eta pertsonalizazioa ditu arrakastaren ardatz. Ikusteko atsegina izateaz gain, erabiltzaile bakoitzaren gustu eta lehentasunetara egokitzen diren edukiak eskaintzen ditu plataforma horrek. Horretarako, ikusle bakoitzaren erabilera-historia begiratzen du Netflixek, eta hautatzen dituen telesailak zein filmak eta egiten dituen bilaketak eta abar aztertzen; gainera, adimen artifizialeko tresnak erabiltzen ditu ikusleari edukiak iradokitzeko, betiere haren lehentasunen araberakoak. Netflixez gain, beste enpresa batzuk ere hasi dira data driven erabiltzen: Apple, Amazon eta Google, besteak beste.

Data driven enpresen ezaugarriak

Hona data driven enpresen ezaugarrietako batzuk:

  • Datuak aztertzeko tresnak erabiltzen dituzte funtzionamendurako funtsezkoak izan daitezkeen errendimenduaren adierazle nagusi batzuk kontrolatzeko (KPIak).
  • Gogotik biltzen dute informazioa, garbiketa-, profilaketa- eta doitze-teknikak erabiliz.
  • Estatistika- eta bisualizazio-tresna sofistikatuak erabiltzen dituzte, datuak denbora errealean kudeatzeko eta erabakiak hobeto hartzeko ezinbestekoak.
  • Barne-araudiak dituzte datuen kudeaketarako eta erabilera etikorako.
  • Enpresako kide guztien eskura jartzen dute informazioa, erabakiak hobeto har daitezen, eta zuzendaritzaren eta langileen arteko komunikazioa sustatzen.
  • «Data driven» kultura deritzona aplikatzen dute enpresaren alor guztietan. Eraldatze-prozesua osatzeko, pentsaera aldatu behar dute enpresek, eta aipatu ditugun printzipioak onartu.

Eraldatzearen abantailak

Eraldatzeak zure enpresari ekar diezaiokeen onura ulertzeko, komeni da gogoratzea zein garrantzitsua den digitalizazioa enpresetako era guztietako prozesuak optimizatzeko. Lord Kelvinek zioenez, «ezin da hobetu neurtzen ez den hori». Eta hori da, hain justu ere, digitalizazioaren abantaila handienetako bat: ia edozer gauza neurtzeko balio duela. Hona eraldatzearen abantailetako batzuk:

  • Objektibotasun-maila handia dute erabakiek, datuetan oinarritzen baitira; hori dela eta, hobetu egiten dira efizientzia eta lehiakortasuna.
  • Data driven enpresek errazago detektatzen dituzte mehatxuak eta aldatzen dute enpresaren noranzkoa.
  • Merkatuak eskaintzen dituen aukerak identifika ditzakete, bai eta bezeroen beharrak ere.
  • Etorkizuneko egoera hipotetikoak aurreikus ditzakete, maila guztietan: operatiboan, produktiboan eta komertzialean.
  • Lehiakideen estrategiak hobeto ulertzen dituzte enpresek.
  • Marketin-tresna ahaltsuak eta eraginkorrak dituzte eskura.
  • Epe ertain eta luzerako estrategia fidagarriagoak diseina ditzakete.

Data driven eraldaketak dakartzan abantailak funtsezkoak izan daitezke zure enpresa posizionatzeko, digitalizazioa eta datuen kudeaketa hain garrantzitsuak diren garai hauetan.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*