BE-Ana-Santiago

Ana Santiago: «Erreferentziako emakumeak behar ditugu, lanbide teknikoen enbaxadore gisa jardungo dutenak»

Interesgarria

3 martxoa, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Sisteplant enpresa familiarra da, kontsultoretzan eta ingeniaritzan espezializatua. Beste enpresa batzuei laguntzen die, industria-lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. Hori da haren eginkizun nagusia. Ana Santiago enpresako burua da 2015az geroztik. Enpresa-munduan 20 urteko esperientzia metatu ondoren, honela definitzen du bere burua: pertsona iraunkorra eta saiatua lanean. Emakumeek enpresa handietan betetzen duten rolari buruz hitz egin dugu harekin elkarrizketa honetan.

ENPRESENTZAKO BANKA: Zein dira zure bi ezaugarri nagusiak lanean?

ANA SANTIAGO: «Lan egiteko gaitasuna inolako mugarik jarri gabe, ilusioarekin eta berrikuntzarekiko anbizioarekin. Baldintza aldakorretara moldatzen naiz, eta ikuspegi globala dut, epe laburretik pixka bat urrunago begiratzeko.»

 

B.E.: Nolakoa izan zen zure lehen eguna enpresako kontseilari delegatu gisa?

A.S.: «Sisteplanten egin dut nire lanbide-karreraren zati handia. Hori dela eta, lehen egunak ez zuen aldaketa handirik ekarri; izan ere, izendapena modu planifikatuan egin zen, belaunaldi-erreleboko plan baten barruan. Naturaltasunez eta erantzukizunez onartu nuen erronka.»

 

B.E.: Zure ustez, zein da arrakastaren gakoa Sisteplant bezalako enpresa baten buru izateko?

A.S.: «Gure kasuan, arrakastaren gakoak izan dira berrikuntzaren aldeko apustua, giza kapitalaren garapena, diziplina anitzeko talde konprometitua, eta, batez ere, gure ametsen, epe ertaineko planen eta epe laburreko erreakzio-gaitasunaren arteko oreka. Sisteplantek fakturazioaren % 20 bideratzen du I+Gko proiektuetara. Horri esker, punta-puntakoak gara industria-antolakuntzaren munduan, eta argi dugu nolakoak izan behar duten etorkizuneko fabrikek.»

«Horrez gain, askotariko taldea dugu, ikuspegi desberdinak dituzten pertsonek osatua. Askotariko iritziak onartzen ditugu, eta gure taldearen zein bezeroen sormena sustatzen dugu.»

 

B.E.: Ikusi duzu aldaketarik industria-sektorean, emakumeen rolari dagokionez?

A.S.: «Asko aldatu da emakumeen rola industrian azken hamarkada honetan, eta, gure presentzia beste sektore batzuetako ratioetara iristen ez bada ere, sektore honetan ere aukera handiak daude emakumeen garapen profesionalerako. Dena dela, presentzia urria dugu oraindik. Emakumeek gauza asko dituzte eskaintzeko, bestelako ikuspegia arlo batzuetan; hori balio handikoa da enpresentzat, zalantzarik gabe.»

«Zoritxarrez, gure gizarteak ez ditu behar bezala ezagutarazten ingeniaritza-lanbidearen onurak: industria-prozesuetan planteamendu berriak sortu, hobetu eta ekartzeko gaitasuna, eta batez ere, hobekuntza horiek finkatuta ikustearen harrotasuna. Erreferentziako emakumeak behar ditugu, lanbide teknikoen enbaxadore gisa jardungo dutenak.»

 

B.E.: Gaur egun, gero eta emakume gehiagok betetzen dituzte ardura-karguak enpresetan, baina ez zaie ikusgarritasunik ematen. Zer egin beharko litzateke hori aldatzeko, zure ustez?

A.S.: «Paradigma berri baten aurrean gaude: emakumeak presentzia erreala du industrian, ukaezina da hori. Gutako bakoitzak bere aletxoa jarri behar du hori horrela izan dadin. Hala ere, etorkizuna aldatu nahi badugu benetan, lehenik eta behin iraganeko eragozpenak ahaztu behar ditugu, eta berdintasunezko ingurune batean pentsatu, mugarik eta oztoporik gabea, eta aukera-berdintasuna eskaintzen duena. Guk geuk bermatu behar dugu hori horrela izatea, eta, lehen esaten nuen bezala, ez diogu geure buruari inolako mugarik jarri behar.»

 

B.E.: Atzera begiratuta, nola animatuko zenituzke euren prestakuntza-ibilbidea erabakitzear dauden beste Ana batzuk?

A.S.: «Jakin-mina sorrarazi nahi nuke haiengan honako gauza hauen inguruan: nola gertatzen diren gauzak, nola iristen den produktu edo zerbitzu bat pertsonengana, nola planteatu hori egiteko beste modu bat, eta, batez ere, nola egin bestelako ekarpenak, inguruan dugunarekin konformatu beharrean. Jakin-nahia eta ipurtarina bazara, teknologiak beldurtzen ez bazaitu, industriari lotutako mundu oso bat duzu ezagutzeko.»

«Hori esanda, ezer ez da doan. Ikasi, irakurri, partekatu, huts egin, ingurukoa zalantzan jarri behar dugu… Denak eskatzen du lan egitea eta ahalegintzea, baina gizarteak ere ahalegin hori eman digu, eta bizitzan noiz edo noiz itzuli behar diogu ahalegin (atsegin) hori. Halaber, erantsi beharra dago hori guztia ingurune kontziliagarri batean gertatu behar dela, non guztiok berdinak garen, non garapen profesionalerako gogoak gure bizitza pertsonala kaltetzen ez duen, generoa alde batera utzita.»

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*