be-art-desafios-2022

2022rako 6 erronkak enpresentzat

Interesgarria

29 abendua, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Aurtengo ekitaldia iazkoa bezain kaskarra izan da pandemiaren ondorioz, eta aurreikuspenak ez dira batere onak. Espainiako BPGd-aren hazkundea uste baino apalagoa izango dela iragarri du NDFk: 2021a % 4,6ko tasarekin ixtea aurreikusten du, eta 2022an % 5,8an kokatzea. Gauzak horrela, hurrengoragoko ekitaldian —2023an— iritsiko da susperraldi osoa. Izan ere, omikron aldaerak erabat aldarazi ditu erakunde horrek joan den urrian Espainiako ekonomiarako egindako aurreikuspenak, % 1,1 murriztu baitu espero zen hazkundea. Datu horiek ez datoz bat Europako zenbait enpresaren iritziarekin, ordea: finantza-zuzendarien % 46 duela sei hilabete baino baikorrago dago bere enpresen finantza-aurreikuspenei buruz, Deloitte enpresak egindako Europako Finantza Zuzendaritzaren Inkestaren arabera —1.330 finantza-zuzendarik baino gehiagok hartu dute parte inkesta horretan—.

Urte berria ziurgabetasunez beteta etorriko da enpresentzat, sei erronka handi hauek direla eta:

  • Hornidura-krisi globala
  • Merkataritza elektronikoaren hazkundea
  • NFTen sarrera
  • Jasangarritasuna eta ingurumena
  • Lanpostuak enpresa-egoera berrira egokitzea
  • Langileen osasun mentala zaintzea

 

 Hornidura-krisia

Erdieroaleen eskasiak eragindako hornidura-krisi globala arazo larria izan da azken sei hilabeteetan, eta urte berrian ere arazoak iraun egingo duela uste du Eurochambres elkarteko lehendakari Christoph Leitl-ek. Neurri hauek proposatzen dituzte enpresek hornidura-krisiaren eragina arintzeko: lankidetza multilaterala areagotzea, krisiari aurrea hartzeko eta hobeto planifikatzeko, eta finantza-pizgarriak ematea, lehengaien eta bitarteko ondasunen merkataritza errazteko. Momentuz ez dute lehentasunezkotzat jotzen, ordea, hirugarren herrialdeen lehengai-esportazioei jarritako muga-zergak murriztea. Egoera hori larriagotu egin dute, gainera, energiaren prezio garestiak eta tarifa elektrikoaren etengabeko igoerak. Eurochambreseko lehendakariaren ustez, hauxe da irtenbidea: «Teknologia berdeak eta energia berriztagarriak indartzea eta haien erabilera handitzea». Halaber, «energia-hornidurari buruzko plan global bat» proposatu du Leitlek, energia-prezioek munduko ekonomiaren hazkundea oztopa ez dezaten.

 

Merkataritza elektronikoaren hazkundea

Onlineko salmentak handitzea izan da pandemiaren beste ondorio zuzenetako bat; hasieran, kalera irteterik ez zegoelako eta, gero, erosotasunagatik eta osasunagatik, saltokiak berriro ireki zirenean. Eta joera horrek iraun egingo duela dirudi. Hala, % 11 handitu da aurten merkataritza elektronikoaren batez besteko gastua iazkoarekin alderatuta, eta erosketa digitalak egin dituzten espainiarrek batez beste 2.336 euro gastatu dituzte. Gasturik handiena automobilaren, elikagaien eta turismoaren sektoreetan egin da, eta atsedenak, gamingak eta prestakuntzak izan dute hazkunderik handiena 2020tik hona.

Kopuru horiek eta egungo ziurgabetasuna ikusita, gerta liteke 2022an onlineko salmenten zenbatekoa bilioika dolarretara iristea, Adoberen Ekonomia Digitalaren Indizeak bildutako datuen arabera. Bestalde, 2025erako onlineko salmentak nazioarteko retail sektorearen laurden bat izango direla aurreikusten du eMarketer konpainiak Global Ecommerce Forecast 2021 txostenean. Gauzak horrela, enpresek garai berrietara egokitzen jarraitu beharko dute euren produktuak eta zerbitzuak Internet bidez saltzeko, negoziotik kanpo geldituko ez badira. Horrez gain, beste faktore garrantzitsu batzuk aintzat hartu beharko dituzte, hala nola logistika eta bidalketa-gastuak.

 

NFTen sarrera

NFTak (Non Fungible Tokens edo ondasun ez-suntsikorrak) aurtengo berritasun nagusietako bat dira. Kriptodiruak darabilen blockchain (bloke-katea) teknologian oinarrituta daude. Sistema horren bidez saltzen diren ondasunek —ilustrazioak, bideoak, GIFak eta antzeko arte-lan digitalak— balio bakarra dute eta ezin dira trukatu. Horien salmentak 3.000 milioi eurokoak izan dira aurten. Gero eta artista, pertsonaia ospetsu eta enpresa gehiagok erabiltzen dute sistema hori, haren berritasuna eta esklusibotasuna direla eta. Hala ere, batzuentzat negozio-aukera bat dena espekulazioa eta kapitala zuritzea besterik ez da beste batzuentzat. Gainera, blockchain teknologiak kutsadura handia sorrarazten du, prozesu informatiko konplexuak behar baititu. Hori dela eta, zalantza handiak sortzen ari dira kriptoartearen merkatuaren inguruan.

 

Jasangarritasunarekiko eta ingurumenarekiko errespetu handiagoa

Kontzientzia ekologiko globala pandemiaren aurretik sortu zen, eta nabarmen handitu da azken bi urteotan. Ingurumena da mundu osoko gazteen kezka nagusietako bat, eta gero eta gobernu gehiago saiatzen dira horren alde jokatzen, Glasgowko klimari buruzko azken goi-bileran agerian geratu denez. Horrek ere eragina izan du kontsumitzaileen ohituretan: pandemiaren aurretik baino eco-friendly edo ekologiaren zaleagoak direla diote 10 espainiarretik 4k, PWC enpresaren Global Consumer Insights Pulse Survey 2021 txostenaren arabera.

Hori dela eta, enpresek ere ildo horretan jardun behar dute, ereduak aldatuz eta neurri batzuk hartuz, hala nola:

  • Material ekologikoz eta birziklagarriz egindako produktuak eskaintzea.
  • Karbono-aztarna murriztea.
  • Elementuak berrerabiltzea.
  • Plastiko gutxiago erabiltzea.

Horrela, bezero gehiago lortu ahal izango dituzte epe labur eta ertainera.

 

Lanpostuak enpresa-egoera berrira egokitzea

Telelana ez dago sustraituta oraindik Espainian, kontrakoa uste dugun arren. Txertatze-kopuru handien ondorioz, etxean egindako telelana % 8ra jaitsi zen joan den azaroan, hau da, pandemian zehar izandako mailarik apalenera. Izan ere, nahiz eta hasiera batean telelana indarrez ezarri, Espainiako ETE-en % 93k bulegoetara itzuli nahi du pixkanaka, FIVERR plataformak egindako txosten batean jakinarazi duenez. Dena den, osasun-krisialdia ez da oraindik bukatu, ezta hurrik eman ere. Beraz, zuzeneko jarduerari berriro heldu nahi dioten enpresek segurtasunari eta higieneari lotutako neurri hauek hartu beharko dituzte, plantillan kutsatze-arriskua ahalik eta txikiena izan dadin:

 

  • Mahaien edo lanpostuen arteko segurtasun-tartea bermatzea.
  • Sartzeko eta irteteko ordutegiak mailakatzea, jendea pila ez dadin.
  • Tenperatura-kontrolak egitea bulegora sartzean.
  • Langileek gailurik ez partekatzea.

 Langileen osasun mentala zaintzea

Osasun mentala ez da jada gai tabu bat. Aitzitik, lasai asko hitz egiten da horretaz solasaldi, mintegi, artikulu eta tertulietan, bai eta Diputatuen Kongresuan ere. Joera hori lehendik bazetorren ere, pandemiak eragin handia izan du pertsonen egoera emozionalean. Depresioa handitu egin da mundu zabalean, osasun-egoera larriaren eta erabakitako murrizketen ondorioz. Eta lan-ingurunea da kezkarik handienetako bat espainiarrentzat, InfoJobs plataformaren arabera.

 

  • Osasun mentaleko arazorik gehienek zerikusi zuzena dute lanarekin.
  • Azken urtean, 4 telelangiletik 1ek osasun mentaleko arazo edo sintomaren bat izan du.
  • Lanari lotutako osasun mentaleko 3 arazotik 1ek tratamendua behar izan du.
  • 10 telelangiletik 8k ez dute enpresak emandako osasun-asegururik.

 

Datu horiek agerian jarri dute hau: enpresek beren gain hartu behar dute errealitate horren erantzukizuna eta jakitun izan behar dute beren langileen osasun fisikoa bezain garrantzitsua dela osasun mentala. Hortaz, mekanismo egokiak landu behar dituzte deskonexio digitala, aparteko lanorduak eta antzeko alderdiak arautzeko. Pandemiak enpresarik gehienen erabateko digitalizazioa eta telelana nabarmen handitzea ekarri du. Horri esker, lana eta familiako bizitza hobeto uztartzen dira orain; baina, beste alde batetik, langile asko laneko gailuetara konektatuta daude etengabe, baita lan-jardunaldia bukatutakoan ere. Izan ere, etxean ezinezkoa da laneko eta aisialdiko espazioak bereiztea.

Hiperkonektagarritasun hori ez da onuragarria enpresentzat, eta guztiz kaltegarria da langileentzat, haietako bakoitzak urtean hilabete bat ere gal baitezakete, Aiwin enpresaren ikerlan batek erakutsi duenez. Eta, denbora galarazteaz gain, beste sintoma batzuk eragiten ditu:

 

  • Loezina, suminkortasuna eta umore txarra
  • Energiarik eza, akidura mentala eta errendimendu txikiagoa
  • Estresa, antsietatea, depresioa eta nekea

Hori dela eta, urte berrian telelanaren edo eredu hibridoen aldeko apustua egiten duten enpresek deskonexio digitala errazteko formulak ere aurkitu beharko dituzte, langileak lanalditik kanpo euren gailuen mende egon ez daitezen.

2022a ere urte zaila izango da osasunaren, ekonomiaren, lanaren eta ekologiaren aldeetatik. Omikron aldaera, horniduren krisialdia eta argindarraren tarifen igoera oztopo berriak dira enpresentzat maila globalean. Horregatik, eCommerce edo merkataritza elektronikoaren aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, geure produktuak edonori eskaini ahal izateko. NFTen etorrera aukera komertzial ona izan daiteke, baina zalantza handiak sorrarazten ditu oraindik hainbat arrazoirengatik. Hortaz, denbora igaro beharko da horien inguruko zalaparta lasaitu arte, behar bezala aztertzeko. Bitartean, telelanari ekin beharko zaio berriro ahal den neurrian, eta, ezinezkoa bada, enpresak egokitu egin beharko dira, kutsatzerik gerta ez dadin. Eta espazio fisikoa ez ezik, langileen osasun mentala ere zaindu beharko dute, haiek baitira enpresen aktibo nagusia.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*