Consejos financieros

Krisialdi ekonomikoa gainditzeko finantza-aholkuak

Finantziazioa

24 ekaina, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Azken urteotan izan ditugun krisialdi ekonomikoek gure ehun produktiboaren erreakzio-gaitasuna eta inguruko enpresa askoren kaudimena eta sendotasuna probatu dituzte.

Egoera ekonomikoa gorabeheratsua den bakoitzean, enpresa-erakundeek doikuntza-neurriak hartu behar izaten dituzte, ondorioak saiheste aldera. Enpresa handi askok krisiak gestionatzeko planetan sartzen dituzte horrelako neurriak. Plan horiek negozioaren jarraitutasun-programen funtsezko osagaiak dira. Baina, nola gaindi daiteke finantza-krisialdi bat? Hori lortzeko abian jar daitezkeen neurrietako batzuk aipatuko ditugu jarraian.

Enpresaren gastuak eta kostuak murriztea

Krisialdi bat gainditzeko modua aztertzen hasita, bururatzen zaigun lehen neurrietako bat gastuak murriztea da. Nolanahi ere, sektorearen eta enpresa-motaren arabera zehaztu beharreko neurria da.

  • Erakunde askoren kasuan aurrezpena eremu komertzialean gauzatu daiteke.
  • Beste batzuek, berriz, materialen eta zerbitzuen inguruko kanpoko gastuak murriztu ditzakete.

Horrelako beherapenekin berehalako aurrezpenak lortzen dira, baina ia ez dute eraginik negozioaren corean. Are gehiago, sakoneko arazoak konpontzen lagunduko ez duten adabaki bihur litezke. Horregatik, aurrezteko ahalegina aprobetxatuz, komenigarria da enpresek euren beharren gaineko ikuspegi orokorra izatea, antolaketa-alderdiei erreparatzea eta negozioa doitu beharrak etorkizuneko efizientziari begira ekar ditzakeen aukerak kontuan hartzea.

Epe ertain eta luzerako kostuen azterketa orokorra egitea

Epe ertainera eta luzera egindako enpresaren kostuen azterketa funtsezkoa izan daiteke zeregin hauetarako:

  • Aukerak identifikatzeko eta enpresaren efizientzia areagotu ditzaketen hobekuntza estrategikoak aurrera eramateko.

Era horretako azterketak modu orokorrean egin behar dira, enpresako area guztietako arduradunen iritziak aintzat hartuta. Horrek erraztu egingo du erabakiak hartzea, eta, halaber, aurrezteko irizpide arrazionalagoa ezartzeko aukera emango du, sail bakoitzeko gastua murrizteko portzentaje-helburu hutsetik haratago. Azkenik, bereizi egin behar dira epe jakin batez saihestu daitezkeen gastuak (aldi baterako aurrezpenak) eta enpresaren efizientziarako oztopo direnak.

Gainzorpetzea saihestea eta hornitzaileekin negoziatzea

Erakunde batentzat, gainzorpetzea saihestea da krisi-egoerari aurre egiteko oinarrizko arauetako bat, betiere horretarako aukera baldin badu. Neurri horrez gain, komenigarria da krisialdiaren aurretik hitzartutako hornidura-baldintzak eta zerbitzuen eskaintza enpresa hornitzaileekin negoziatzea. Sektore judizialean esaten dutenez: «Epaiketa on bat baino hobe da bi alderen arteko akordio txar bat». Esaldi hori ekonomiaren eremura ekarrita, esan daiteke enpresa hornitzaile batekin adostasunera iristea dela onena, kalteren bat eragiten badigu ere, jarduerari eutsi ahal izango diogulako. Era berean, hornitzaileari ere jarduerari eusten lagunduko diogu, eta harekiko konfiantzazko harremana sendotuko dugu etorkizunera begira.

Jarduera estrategikoak zaintzea

Krisialdietan, enpresa batzuen akatsa izaten da I+G jarduerak eta produktuen edo zerbitzuen sustapen-ekintzak bertan behera uztea, ikerkuntza, marketina eta komunikazioa funtsezkoak ez direlakoan, une jakin batzuetan baztertzeko moduko alderdiak direla uste dutelako. Baina horrelako krisi-egoeretan enpresek ahalegin berezia egin behar dute honako ildo hauetan:

  •   Produktua hobetu eta garatzea.
  •   Eskabide gehiago eskuratu eta bezero-zorroa dibertsifikatzea.

Eta horretarako ezinbestekoak dira I+G arloa eta marketineko eta komunikazioko estrategiak, egoera ekonomiko gorabeheratsuei aurre egiteko propio diseinatutakoak. Dena den, atal batzuk berriro negozia daitezke horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresekin, edo lehentasuna eman tresna jakin batzuei. Baina badira krisialdietarako marketin-estrategia bereziak, horrelako egoera gainditzen lagun dezaketenak. Sustapen-mota erakargarria aurkitzea, beharrizanekin asmatzea eta horiei erantzuteko produktua edo zerbitzua zehaztea da kontua, «besterik ez».

Aliantzak bazkideekin

Sektore ezberdinetako enpresen arteko lankidetza estrategikoa oso onuragarria bada oparoaldietan, zer esanik ez krisi-garaietan. Horrelako aliantzek abantaila nabarmenak dituzte:

  •   Enpresek batera egin dezakete lan komertziala.
  •   Bakoitzak bere bezeroei zerbitzu-aukera zabalagoa eskain diezaieke.
  •   Gastuak parteka ditzakete.
  •   Brandniga indartzen du.

Aliantzen kontuan bada beste aukera bat: enpresaren kapitalean beste pertsona edo erakunde batzuk sartzea, likidezia eta kaudimena handitzeko eta gerta daitezkeen muturreko egoera zailei aurre egiteko.

Aldaketen gestio aktiboa eta barne-komunikazioa

Aldaketak arrakastatsuak izan daitezen, enpresa osoak ulertu eta onartu behar ditu, goitik behera, erakundeko liderretatik hasita. Agerikoa izan behar da interes-taldeek aldaketa-proiektuari ematen dioten babesa, bereziki egitura-hobekuntzak egin nahi direnean; izan ere, babes hori argia ez bada, nabarmen murriztuko da neurriek arrakasta izateko aukera. Gainera, langileei aldaketen berri eman behar zaie, desinformazioa eta zurrumurruak saihesteko, horiek eragina izan baitezakete haien produktibitatean eta motibazioan.

Doikuntza-neurriak modu bateratuan abian jarrita, egiturak eta estrategiak hobetuta, zure enpresak efizientzia handituko du eta abantaila iraunkorrak sendotuko ditu.

 

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*