Honela dago banatuta Next Generation EU berreskuratze-funtsa estatu-mailan

Finantziazioa

29 urria, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Aurreko post batzuetan ere hitz egin dugu Next Generation EU berreskuratze-funtsei buruz, eta hobeto dakigu zer diren, horiek eskuratzeko enpresek zer egin behar duten eta laguntzek zer egitura duten, adibidez. Oraingoan, funtsen banaketari erreparatuko diogu, eta baita enpresek deialdietara aurkeztuko dituzten proiektuek oinarrian izan behar dituzten ardatzik garrantzitsuenei ere.

Zein dira funts horien zeharkako ardatzak?

Zeharkako ardatz hauek izan behar dira proiektuen euskarri: trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, gizarte- eta lurralde-kohesioa eta genero-berdintasuna.

  1. Trantsizio ekologikoa. Trantsizio berdea sustatzea funtsezko elementuetako bat da, bai Estatuan eta bai Europan. Baliabide hauekin finantzatutako proiektuen % 37k, gutxienez, trantsizio ekologikoa bultzatu behar du. Hala, metodologia bat ezarri da klima-aldaketa eragiten duten proiektuak edota ingurune naturalak zaintzen dituztenak identifikatzeko.
  1. Eraldaketa digitala. Europaren kasuan, baliabideen % 20, gutxienez, helburu horretara bideratutako proiektuetarako izatea eskatzen zen. Nolanahi ere, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana urrutiago joan da eta gutxieneko hori % 30ean finkatu du. Ardatza, gainera, bat dator 2025erako Espainia Digitala agendarekin, ekonomia eta gizarte digitalerako beharrezkoak diren gaitasun eta teknologiei bultzada emateko asmoz. Trantsizio ekologikoaren kasuan bezala, eraldaketa digitala sustatzen duten proiektuak identifikatzeko ere metodologia bat dago.
  1. Genero-berdintasuna. Emakumeen enplegu-tasa handitzea, iraupen luzeko zaintzen sistema hobetzea eta gizonen eta emakumeen artean aukera-berdintasuna areagotzea dira ardatz honek nabarmentzen dituen xedeak.
  1. Gizarte- eta lurralde-kohesioa. Ardatz honek hainbat arlo indartzea proposatzen du: ongizate-estatua, hezkuntza-sistema, kalitatezko enplegua eta bidezko zerga-sistema, besteak beste. Hurrengo belaunaldiei aukera hobeak eskaintzea da helburua.

Ardatz berdea eta digitala erabakigarriak dira, inbertsioaren % 40 eta % 30 hartuko baitute, hurrenez hurren. Dena den, azken biak kontuan hartzen dituzten proiektuek aukera gehiago izango dute baloratuak izateko. Beraz, proiektuak zenbat eta gehiago bideratu norabide horietara, orduan eta aukera gehiago edukiko dute lizitazioetan hautatuak izateko, handia izango baita baliabideak eskuratzeko lehia.

Nola banatuko da inbertsioa palanka eta osagaien artean?

Espainiako Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana palanka-efektuko 10 politikaren inguruan dago egituratuta. Politika horiek eragin zuzena izango dute ehun ekonomiko eta soziala eraldatzeko gaitasunik handiena duten sektoreetan. 10 palanka horietako bakoitzak 30 osagai ditu, eta, horien barruan, guztira 212 neurri daude jasota: 110 inbertsio eta 102 berrikuntza. Berrikuntza horiek burutu beharrekoak dira. Horregatik, lorpen jakin batzuk zehaztu dira, eta, horiek bete ezean, litekeena da funtsen zati bat ez jasotzea.

Jarraian azaltzen dira planean jasota dauden palankak eta horietako bakoitzaren osagaiak:

I. Hiri- eta landa-agenda, despopulazioaren aurkako borroka eta nekazaritzaren garapena. 14.407 milioi € (% 20,7)

1- Mugikortasun jasangarria, segurua eta hiri- zein metropoli-inguruneetara konektatuta egongo dena erdiesteko talka-plana.

2- Etxebizitza birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko plana.

3- Nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sistemaren eraldaketa digitala eta ingurumenekoa.

 

II. Azpiegitura eta ekosistema erresilienteak. 10.400 milioi € (% 15)

4- Ekosistemak eta horien biodibertsitatea zaintzea eta oneratzea.

5- Itsasbazterrak eta ur-baliabideak babestea.

6- Mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua.

 

III. Trantsizio energetiko bidezko eta inklusiboa. 6.385 milioi € (% 9,2)

7- Energia berriztagarriak hedatu eta txertatzea.

8- Azpiegitura elektrikoak, sare adimendunen sustapena eta malgutasunaren zein biltegiratzearen hedapena.

9- Hidrogeno berriztagarriaren eta sektoreko integrazioaren bide-orria.

10- Bidezko Trantsiziorako estrategia.

 

IV. XXI. menderako administrazioa. 4.315 milioi € (% 6,2)

11- Administrazio Publikoen modernizazioa.

 

V. Industria-ehunaren eta enpresa txiki eta ertainen modernizazioa eta digitalizazioa, turismoa suspertzea eta Espainia ekintzailea sustatzea. 16.075 milioi € (% 23,1).

Ekonomia-zuzkidurarik handiena duen palanka da.

12- Espainia 2030 industria-politika.

13- Enpresa txiki eta ertainak bultzatzea.

14- Turismo-sektorea modernizatzeko eta lehiakor egiteko plana.

15- Konektagarritasun digitala, zibersegurtasuna sustatzea eta 5Ga hedatzea.

 

VI. Zientziaren eta berrikuntzaren aldeko ituna. Osasun Sistema Nazionalaren ahalmenak indartzea. 4.949 milioi € (% 7,1)

16- Adimen Artifizialeko Estrategia Nazionala.

17- Erakundeen erreforma, eta zientzia, teknologia eta berrikuntzako sistema nazionalaren ahalmenak sendotzea.

18- Osasun Sistema Nazionalaren ahalmenak berritu eta handitzea.

 

VII. Hezkuntza eta ezagutza, etengabeko prestakuntza eta gaitasunen garapena. 7.317 milioi € (% 10,5)

19- Gaitasun Digitalen (digital skills direlakoen) Plan Nazionala.

20- Lanbide-heziketa bultzatzeko plan estrategikoa.

21- Hezkuntza-sistema modernizatu eta digitalizatzea, 0-3 urtekoen hezkuntza goiztiarra barne.

 

VIII. Zaintzen ekonomia berria eta enplegu-politikak. 4.855 milioi € (% 7)

22- Zaintzen ekonomiarako talka-plana, eta inklusio-politikak indartzea.

23- Lan-merkatu dinamikoa, erresilientea eta inklusiboa lortzeko politika publiko berriak.

 

IX. Kulturaren industria eta kirola sustatzea. 825 milioi € (% 1,2)

24- Kultura-industriaren balioa handitzea.

25- Espainia Europako ikus-entzunezkoen hub-a (Spain AVS Hub).

26- Kirolaren sektorea sustatzeko plana.

 

X. Zerga-sistema modernizatzea, hazkunde inklusiboa eta jasangarria helburu.

27- Zerga-iruzurrari aurrea hartu eta aurre egiteko neurriak eta jarduketak.

28- Zerga-sistema XXI. mendeko errealitatera egokitzea.

29- Gastu publikoaren eraginkortasuna hobetzea.

30- Pentsio-sistema publikoaren epe luzerako jasangarritasuna, Toledoko Itunaren esparruan.

 

Palanka horietako batzuek ikuspegi publikoa dute, 4.ak, adibidez; horretan, administrazioaren erronka da digitalizazioan aurrera egitea eta berorren prozesuak eta herritarrekiko harremanak modernizatzea. Hala, lizitazioen eta administrazioaren beraren hornitzaileekin egindako kontratuen bidez bideratuko dira baliabideak enpresetara, digitalizaziorako eta askoz ere administrazio eraginkorragoa eta ingurumen-inpaktu txikiagokoa egiteko soluzioak ekar ditzaten. Beste palanka batzuek, berriz, enpresak eta herritarrak dinamizatzeko inbertsio-programak proposatzen dituzte. Kasu horietan, dirulaguntza- edo finantzaketa-lerroak finkatzen dira Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean jasotako eraldaketak sustatzeko.

Gogoratu beharra dago baliabide horiek ez direla enpresa handientzat bakarrik, enpresa txiki eta ertainek ere jaso ditzaketela; izan ere, 13. osagaia «Enpresa txiki eta ertainak bultzatzera» bideratuta dago. Enpresa-mota horri garrantzi berezia eman nahi izan zaio, batez ere enpresa txiki eta ertainek osatzen baitute gure enpresa-ehuna: enpresen ia % 94k 10 langile baino gutxiago du. Gure ekonomiaren lehiakortasuna bultzatzeko, nahitaezkoa izango da enpresa txiki eta ertainak laguntzea. Horretarako, finantzaketa eta digitalizazioa eskuragarri jarri behar zaizkie eta haien berrikuntza eta nazioartekotzea sustatu.

Europako Funtsek eskaintzen dituzten aukeren inguruan zalantzaren bat baduzu edo plazaratzen joango diren deialdien alertak jaso nahi badituzu, eman izena LABORAL Next zerbitzuan.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*