Negocios competitivos

Enpresek egiten dituzten kreditu-kontuei buruzko galderarik ohikoenak

Finantziazioa

25 maiatza, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Batzuetan, enpresek premiazko finantzaketa behar izaten dute ustekabeko gastuei aurre egiteko edo aurrez egin behar izaten dituzte ordainketak, baina ez dute altxortegirik eta denborarik dirua beste bide batzuetatik eskuratzeko izapideei ekiteko. Mota horretako egoerei aurre egiteko, bada oso finantza-irudi bizkor bat, eskudirua berehala lortzea ahalbidetzen duena: kreditu-kontua edo kreditu-poliza.

Zer da kreditu-poliza bat?

Mailegu mota bat da eta kreditu-erakundeekin adostutako finantzaketa-lerro bat eskuratzea ahalbidetzen die enpresei, aurrez hitzartutako baldintzetan eta epe jakin batean, normalean urtebetez. Poliza hori enpresen larrialdi-kasuetarako erreserba-kontu moduko bat da, eta benetan beharrezkoa denean bakarrik erabiltzea komeni da. Haren bitartez, enpresak pixkanaka zorpetu daitezke, finantza-erakundearekin adostu duten gehieneko kapitalera arte:

  • Esaterako, demagun enpresa batek bere langile guztien soldatak hilaren 30ean ordaintzea aurreikusten duela, hainbat fakturatako diru-sarrerak erabiliz, baina administrazio-arazo baten ondorioz, faktura horiek astebete beranduago kobratzen dituela. Enpresak kreditu-lerro bat badu, bere eragiketak egiteko erabili ahal izango du, eta atzerapenak ez dio eragingo. Eta faktura kobratzen duenean, haren zenbatekoa kreditu-lerrora itzuli ahal izango du, erabilgarri dagoena erregularizatzeko.

Zer desberdintasun du mailegu batekin?

Maileguetan ez bezala, kreditu-poliza bat kontratatzean, enpresentzako finantzaketa-lerro bat irekitzen da; horrenbestez, enpresek ez dute dirua aldi bakar batean lortzen, finantzaketa eskuratzeko bide bat baizik, hura erabili nahi dutenerako. Maileguen kasuan, berriz, bankuak hasiera-hasieratik adostutako kantitatea sartzen du kontuan, eta erabili ala ez, enpresak aldizka itzuli behar du kontratatuko kapitala, baita hark sortutako interesak ere.

Noiz erabiltzea komeni da?

Formula hau oso erabilgarria da modu egokian eta une puntualetan erabiltzen bada, modu jarraituan erabiliz gero, kostuak areagotu egin baitaitezke. Lehenik eta behin, gogorarazi behar da kreditu-polizak negozioetarako maileguak direla eta oso premia puntualak estaltzeko pentsatuta daudela, hau da, enpresa batek premia horiei bere baliabideekin erantzun ezin dienerako. Azken finean, gastu jakin batzuk sortzen dituen mailegu mota bat da. Eta formula hori erabiltzen bada gastu finkoei edo aldizkakoei, bezeroen ordainketei edo aktibo finkoetan egindako inbertsioei aurre egiteko, eragiketa horren komenigarria ez izatea gerta liteke.

Kreditu-polizarekin lotutako gastuak

Enpresa-kreditu mota horrek hainbat komisio eta gastu ditu. Honako hauek dira ohikoenak:

  • Irekiera-komisioa. Erakundearekin adostutako kreditu osoaren ehuneko jakin batekin zehazten da, eta % 1 eta % 2 artekoa izaten da. Hau da, gehienez ere 100.000 €-ko kreditu-poliza bat adosten bada eta komisioa % 2koa bada, irekiera-komisioa 2.000 €-koa izango da.
  • Erabilgarritasun-komisioa. Kontratatu den kreditu-zatiagatik ordaindu behar den kostua da, adostutako epea amaitzean erabili ez dena. Irekiera-komisioa baino txikiagoa izaten da, % 1 baino txikiagoa, alegia. Enpresa baten poliza 100.000 €-koa bada eta 50.000 € bakarrik erabiltzen badira, komisioa gainerako 50.000 €-etan aplikatuko da.
  • Gainditutako saldoaren interesa. Enpresak erakundearekin kontratatu duen kreditu-muga gainditzen badu bakarrik ordaindu behar da, kapitalaz gain.
  • Erabilitako batez besteko saldoaren interesa. Erabilitako diruagatik ordaintzen den interesa da.
  • Kitapen-komisioa. Erakunde batzuek zigor bat aplikatzen dute kreditu-kontua ezarritako epea baino lehen kitatu nahi denean.

Batzuetan, kreditu-erakundeek azterketa-komisio bat eta beste betebehar batzuk sartzen dituzte, hala nola produktu jakin batzuen kontratazioa.

Kreditu-kontu bat berritu daiteke?

Kreditu-kontua enpresa txikientzako mailegu-modalitate arruntenetako bat da, baina finantza-eragiketarako tresna garrantzitsu bat da enpresa ertainentzat, baita erakunde handientzat ere. Dena den, gogorarazi behar da bereziki erabilgarria dela ezohiko egoerei aurre egiteko, baina ez da ohiko finantzaketa-bide baten gisa erabili behar, beste finantza-formula mota batzuk baino garestiagoa izan baitaiteke.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*