BE-ART-desafios 2021

2021eko finantza- eta lehiakortasun-erronkak enpresa txiki eta ertainentzat

Finantziazioa

21 urtarrila, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

2021. urtea erronkaz beteta hasi da enpresentzat, batez ere enpresa txiki eta ertainentzat. LABORAL Kutxak egindako azken Euskadiko Enpresa Konfiantzaren Indizeak erakusten duenez, osasun-krisiak ziurgabetasuna ekarri du. Hori dela eta, enpresa-sareak ahalegin handiak egin behar ditu egoera hori gainditzeko.

Egungo agertokia oso konplexua da, eta ertz asko ditu. Hala ere, ezkortasuna alde batera utzi eta krisitik indartuta ateratzeko, enpresa txiki eta ertainek hainbat erronkari egin beharko diete aurre 2021ean, finantzen, teknologiaren eta lehiakortasunaren arloetan. Hauek dira erronka horietako batzuk.

Zibersegurtasuna bermatzea

2020. urteak zenbait irakaspen utzi dizkigu; besteak beste, digitalizazioak ez duela atzera egiterik: enpresek euren eraldaketa digitaleko prozesu hasiberriak bizkortu dituzte, lehiakortasunari eusteko premiak bultzatuta, eta hilabete gutxian egin behar izan dute baldintza normaletan hainbat urteko lana ekarriko lukeen bidea. Baina bada eraldaketa hori sendotzeko oinarrizkoa den elementu bat: zibersegurtasuna, egunero erronka berriei aurre egin behar diena. 2020ko urtarriletik urrira bitartean, LKS Next aholkularitza-enpresak, Secure&IT partaidetzapeko enpresaren bidez, segurtasun informatikoko 700.000 alerta, ahulezia eta mehatxu baino gehiago monitorizatu eta kudeatu zituen, eta kopuru hori izugarri azkar ari da hazten urtero. Biktima horietako asko enpresa handiak dira; esaterako, Galiziako Zendal farmazia-enpresak 9 milioi euroko kaltea ekarri zion nortasun-faltsutze bat jasan zuen duela aste batzuk. Baina digitalizazioaren aurrerapenaren ondorioz, enpresa txiki eta ertainak ere biktima potentzialen multzo horretan sartu dira, eta erasoek kalte handiak eragin diezazkiekete:

  • Mesfidantza sortzea eta ospe profesionala galtzea.
  • Zigor ekonomiko larriak, datuen ihesa gertatzen bada.
  • Merkatu berrietan sartzeko zailtasunak.
  • Erabiltzaileak, bezeroak eta hornitzaileak arriskuan jartzea.

Hori dela eta, enpresek inbertsiotzat hartu behar dute zibersegurtasuna, eta ez gastutzat, eta euren eraldaketa digitalaren garapenera egokitu behar dute, arriskuak gutxitze aldera.

 

Eskudiru-fluxua behar bezala kudeatzea

Kutxa-fluxuaren gestioa erronkarik handienetako bat da, oraindik ere, enpresa txiki eta ertainetako gestoreentzat. Eskudiruaren eskuragarritasuna funtsezkoa da urteari aurre egiteko, baina hori zaila da, enpresa-sareak 2020an zehar izan dituen jarduera-etenaldien ondorioz. Hori dela eta, garrantzitsua da hainbat ekintza abiatzea:

  • Gastuak murrizteko politika bat diseinatzea.
  • Bezeroei kobratzeko eta hornitzaileei ordaintzeko prozedura behar bezala kudeatzea.
  • Arriskuak aztertzea eta barne-kontrolak egitea, eskudirua hobeto kudeatzeko.
  • Eskudirua kudeatzeko joera berriak bilatzea.
  • Zergen eta kotizazioen ordainketa geroratu ote daitekeen aztertzea.
  • Finantza-laguntza guztiak aztertzea.

 

Merkataritza-aukera berriak irekitzea

Mugikortasuna murriztearen, digitalizazioaren eta funtsezkoak ez diren zerbitzuak eten edo ixtearen ondorioz, goitik behera aldatu dira denon merkataritza- eta kontsumo-ohiturak. Hortaz, merkatuak dibertsifikatzea eta merkataritza-aukerak zabaltzea da enpresen erronketako bat, eta, horretarako, ezinbestekoa da tresna digitalak erabiltzea. Internet eta merkataritza elektronikoa sendotu egin dira, bezero berriak erakartzeko oinarrizko tresna gisa, bai bertan, bai munduko beste leku batzuetan. Herrialdeen arteko mugikortasunean murrizketa handiak daude oraindik ere, eta pandemiak kalte handia egin dio nazioarteko garraioari; dena den, egungoa bezalako krisi-egoerek bide ematen dute merkatuak aukera berrien bila aztertzeko, eta produktu eta zerbitzu berriak esportatzen saiatzeko. Industria Ministerioak enpresa txiki eta ertainen abiapuntuko egoera ebaluatzeko tresnak eskaintzen ditu, jakin dezaten zer egoeratan dauden beste merkatu batzuetan sartzeko erronkari ekiteko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bidez) esportazioari buruzko aholkularitza-zerbitzua eskaintzen du, Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren eskutik.

 

Aliatu berriak bilatzea

Aliatuak edo bazkideak bilatzea dagoeneko ez da aukera bat, premia bat baizik, batez ere krisi-garaian. Aliantza estrategiko horien bidez, efizientzia areagotu, arriskuak partekatu eta inbertsioak optimiza daitezke. Lankidetza-sare horiek interes osagarriak dituzten enpresen artean ezar daitezke, baina baita unibertsitateekin, ikerketa-zentroekin eta bezeroekin ere. Enpresen arteko lankidetzak onura hauek ditu:

  • Negozio-aukera berriak sortzen ditu.
  • Lehiarako abantaila bereizgarria dakar.
  • Kostuak murrizteko eta baliabideak optimizatzeko aukera ematen du.
  • Ezagutza eskualdatzea eta lan-modalitate berriak ikastea ahalbidetzen du.

Urte berriarekin batera datozen erronkei aurre egiteko, zure enpresak egungo krisi-egoera gainditzeko behar dituen aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkizugu LABORAL Kutxan.

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*