BE-foto-marketing-valores

Zure enpresaren balioen marketina eta online ospea

Ekonomia soziala

9 ekaina, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Internet bazar digital erraldoia da, denetarik aurki dezakegu bertan. Eskaintza oso handia da eta, askotan, antzekoak diren bi aukeren artean ez dugu jakiten zein hautatu. Horrelakoetan, beste pertsona batzuen iritzia kontsultatzen dugu. Une horretan berebiziko garrantzia du enpresen eta marken online ospeak.

Produktu baten kalitateari buruzko iruzkinak antzeko beste artikulu baten gainekoak baino askoz hobeak badira, seguruenik nahiago izango duzu apur bat gehiago ordaindu eta kritika onenak dituena erosi. Baina iritziak ere antzekoak badira, beste irizpide batzuk hartuko dituzu kontuan, besteak beste, produktuen prezioa, irudia edo salmenta-ondorengo zerbitzua.

Balioak, marketin-tresna

Azken urteotan, irizpide horiei beste bat gehitu zaie: enpresak adierazten dituen balioekin eta munduaz, ingurumenaz, berdintasunaz edota elkartasunaz duen ikuskerarekin lotuta dagoena. Balioek osatzen duten azken aldagai hori enpresen ospea hobetzeko bitarteko oso garrantzitsua bihurtu da, eta baita marketin-tresna boteretsua ere.

Baina, zer esan nahi du ospeak? Zertan bereizten da ospe digitaletik? Ospearen kontzeptuak pertsona, talde edo enpresa bati buruzko iritzi positiboa adierazi izan ohi du. Nolanahi ere, mundu digitalari buruz hitz egiten dugunean, ospearen esanahia askoz zabalagoa da, Interneten unibertso osoa hartzen baitu, eta hor dena dago ikusgai eta baloratu egiten da, edonork bistaratzeko moduan. Horregatik, online ospeaz ari garela, Interneteko erabiltzaileek argitaratzen dituzten balorazioak hartu behar ditugu kontuan, hau da, edozein motatako forotan edo online argitalpenetan, sare sozialetan eta elkarrizketa digitaletan luzaroan plazaratzen dituzten iritziak.

Izen ona ez da bi egunetan lortzen. Warren Buffet enpresaburu estatubatuarrak esan zuenez, «20 urte behar dira ospea eraikitzeko eta 5 minutu suntsitzeko». Horregatik, ospe digitala hobetze aldera, enpresa batek eskura dituen marketin-tresna guztiak erabili behar ditu, horien artean balioen marketina, azken urteetan pisu handia hartu duena. Modalitate horrek gizartean gero eta garrantzi handiagoa duten alderdiei erreparatzen die: ingurumenaren errespetuari, iraunkortasunari, aukera-berdintasunari, parekotasunari, justizia sozialari, osasun-arretaren eskuragarritasun unibertsalari eta abarri.

Pertsona eta helburu sozialak, erdigunean

Balioen marketinaren bitartez, enpresak ez ditu pertsonak kontsumitzaile huts gisa ikusten, gizakia hartzen du aintzat, eta finantza-emaitzak helburu sozial jakin batzuen lorpenarekin lotzera iristen da. Balioen marketin-estrategiek ezaugarri komun batzuk dituzte:

  • Berrikuntza erabiltzen dute pertsonen bizitza eraldatzeko. Sare sozialak, Big Data tresnak eta errealitate areagotua, besteak beste.

Istorio hunkigarriak kontatzen dituzte, pertsona ekintzaileak, solidarioak edo hobetzeko grina dutenak protagonista dituztenak.

  • Partaide izatearen sentipena sustatzen dute. Enpresa ahalegintzen da pertsonek marka egunerokoan txertatu dezaten, euren bizitzako parte dela senti dezaten.

  Bezero izan litezkeenak sormen-prozesuan sartzen dituzte tresna digitalen bidez, eta elkartasun-helburuetarako ekarpenak eginez saritzen dute haien partaidetza.

Hobetu zure enpresaren ospe digitala

Balioen marketina bera bakarrik ez da nahikoa ospe digital ona lortzeko. Warren Buffetek zioenez, izen ona eraikitzeko denbora asko inbertitu behar da, baina baita baliabideak eta ahalegina ere. Hona hemen zure enpresaren ospe digitala hobetzen lagunduko dizuten zenbait elementu:

  • Eduki aktibatuta, erabilgarri eta eguneratuta kanal digital guztiak, besteak beste, irudiak, albisteak, sare sozialak eta blogak.
  • Erakutsi marka-irudi zehatza eta egokia, eta horren bidez mezu argiak transmititu.
  • Eskaini bezeroei arreta adeitsua eta pertsonalizatua.
  • Erantzun berehala kexei, iradokizunei eta kritikei, eta saia zaitez edozein arazo ahal bezain laster konpontzen.
  • Bideratu zuzeneko harremana bezeroekin, gatazkak konpontzeko.
  • Jardun beti gardentasunez.
  • Saiatu enpresak gero eta zerbitzu hobea eskain dezan eta, ahal denean, eman aurrerapausoa adostutako baldintzetatik haratago.

Online ospea neurtzeko tresnak

Jarraibide horiekin, arrakastaz landuko duzu zure enpresaren ospe digitala. Hortik aurrera, zure lanak fruituak ematen dituela egiaztatu besterik ez duzu egin behar. Internetek ia dena neurtzeko —eta, beraz, hobetzeko— aukera ematen du. Horixe du abantailetako bat. Horregatik, online ospea kontrolatzen lagunduko dizuten tresna batzuk azalduko dizkizugu. Aukera emango dizute ospe hori aztertu eta akatsak zuzentzeko, Interneteko kritika txarren eragin kaltegarria saihestu eta SEO posizionamendua hobetzeko, eta enpresaren ospea zure helburuetara hurbiltze aldera lan egiteko.

  • Atribus. Tresna horrek zure markak edo enpresak kanal digitaletan —sare sozialetan, blogetan, online albisteetan, webetan…— dituen aipamenak monitorizatzen ditu, zure ospea kudeatzen laguntzeko.
  • Social Mention. Bilatzaile horrek zure marka aipatu duten sare sozialak erakusten dizkizu, nork eta noiz egin duen aipamena, modu errazean eta doan.
  • Buzzmonitor. Plataforma horrekin zure markak sare sozialetan duen zabalpena neurtu ahal izango duzu, eta zure negozioaz eta merkatuaz esaten dena jakin. Gainera, merkatua aztertzeko, lehiakideekiko analisi konparatiboak sortzeko aukera eskaintzen du.

Tresna horien bidez, zure enpresaren ospea sendotzeko aurrera eraman dituzun balioen marketin-ekintzek izan duten etekinaren berri izango duzu.

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*