BE-plan-de-viabilidad

Nola egin bideragarritasun-plana zure negozio berriak arrakasta-aukerarik ote duen jakiteko?

Ekonomia soziala, Interesgarria

13 urtarrila, 2021 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Zure enpresa berria martxan jarri aurretik, eta negozio-plana zehaztu aurretik, azterlan bat prestatu behar duzu, zure ideia bideragarria eta errentagarria ote den eta merkatuan aurrera egiteko benetako aukerarik ote duen jakiteko. Bideragarritasun-planari esker, zure negozio edo negozio-lerro berria abiaraztearekin zerikusia duen guztia planifikatu, ebaluatu eta kontrolatu ahal izango duzu, eta

  • Teknikoki bideragarria ote den jakiten lagunduko dizu.
  • Errentagarria izango ote den jakin ahal izango duzu.
  • Behar dituzun finantzaketa-bideak identifikatzeko balioko dizu.
  • Zure produktu edo zerbitzu berriak merkatuan lekurik ote duen jakin ahal izango duzu, eta salmenten proiekzio errealistak egin.

Azken batean, zure proiektuaren bideragarritasun tekniko, ekonomiko, finantzario eta komertziala zehazten lagunduko dizu dokumentu honek; baina, gainera, funtsezko laguntza-tresna izango da, inbertitzaileak aurkitzeko eta proiektua abian jartzen lagunduko dizuten dirulaguntzak eskuratzeko.

BE_INF_37_PlanViabilidad_eus_0

Bideragarritasun-plana egiteko urratsak

  1. Abiapuntua

Atal honetan, merkaturatuko duzun produktuaren edo zerbitzuaren laburpen txiki bat sartu beharko duzu, eta haren identifikazio-elementurik garrantzitsuenak jaso; honako hauek, besteak beste:

  • Izen komertziala
  • Zertan datzan jarduera
  • Bereizgarririk nabarmenenak
  • Zein den talde sustatzailea, talde horretako kideek zer prestakuntza eta esperientzia duten sektorean, zerk motibatzen dituen eta elkar nola osatzen duten
  • Ideiaren zergatia
  1. Merkatu-azterketa

Enpresa-proiektuen funtsezko elementuetako bat da. Merkaturik gabe ez dago negoziorik; hori dela eta, ezinbestekoa da zer esparrutan jardungo duzun jakitea eta galdera hauei erantzutea:

  • Zein da zure bezero potentzialen profila?
  • Zein eremu geografikotan salduko duzu zure produktua edo zerbitzua?
  • Zer salmenta- eta banaketa-modalitate erabiliko duzu?
  • Zein dira zure lehiakideak, eta zer elementu bereizgarrirekin lehiatuko zara haiekin?
  • Zein da merkatuaren egungo egoera eta zein dira etorkizunerako aurreikuspenak?
  1. Langileak eta produkzio-prozesua

Atal honetan, zure enpresaren egitura zehaztu beharko duzu, eta produkzio-prozesuaren edo zerbitzua ematearen alderdirik garrantzitsuenak zehaztu, hala nola txandak, ordutegiak eta abar.

  1. Komunikazioa, marketina eta publizitatea

Munduko produkturik onena izan arren, ez baduzu ezagutzera ematea lortzen, ez duzu salduko. Gaur egun, ia produktua edo zerbitzua bera bezain garrantzitsua da marketin- eta komunikazio-estrategia ona; beraz, berebizikoa da marketineko 4Pak zehaztea:

  • Produktu- edo zerbitzu-politika Zer eskainiko den zehatz-mehatz adieraziko da, horren kostuak zehaztu ahal izateko.
  • Prezio-politika Eskaintzen dugunaren prezioa zehaztu beharko dugu, kostu guztiak estaltzea eta, gainera, marjina bat lortzea kontuan hartuta.
  • Banaketa-politika Zer banaketa-mota beharko den eta zer kanalen bidez egingo den aukeratu behar da.
  • Komunikazio-politika Gure publikoarekin harremanetan jartzeko erabiliko ditugun online eta offline kanalak zehaztuko ditugu, baita haiekin komunikatzeko modua ere. Horretarako, gaur egun oso ohikoa da sare sozialak erabiltzea, bezeroekin zuzenean harremanetan jartzeko. Gainera, komeni da web-orri aktibo, dinamiko eta erakargarri bat sortzea, produktuak edo zerbitzuak aurkezteko erakusleiho eta agertoki gisa, eta, behar denean, salmenta-bide gisa ere bai.

Halaber, gai izan beharko dugu proposatutako marketin-helburuak lortzearren komunikazioaren arloan behar den inbertsioa zehazteko.

  1. Azterketa ekonomiko eta finantzarioa

Azterketa horrek zehaztuko du zure proiektua errentagarria den ala ez; hortaz, zure bideragarritasun-planaren elementurik garrantzitsuenetakoa da. Honako hauek sartu beharko dituzu bertan:

  • Behar duzun inbertsioa, atalka azalduta: obrak, lizentziak, altzariak, enpresa eratzeko gastuak, stocka eta hasierako gastuei aurre egiteko funts-hornidura.
  • Zer finantzaketa-iturritara joko duzun. Argi izan behar duzu zer finantzaketa-mota bilatuko duzun: banku-finantzaketa, erakundeen laguntza ekonomikoak, dirulaguntzak, bazkideen ekarpenak…
  • Lehen urterako aurreikusitako sarrerak eta gastuak. Saiatu aurreikuspen errealista egiten, hainbat agertoki kontuan hartzen eta ahalik eta atal gehienak barne hartzen.
  • Emaitzen aurreikuspena. Datu guztiak hartu, behin betiko balantzea egin eta zure negozioaren errentagarritasuna aurreratzeko unea da.

Gainera, oso ohikoa da bideragarritasun-planetan lehen urteko diruzaintza-proiekzioa izatea, negozioaren likideziak zer-nolako bilakaera izango lukeen ikusteko. Izan ere, gerta liteke proiektu bat errentagarria izatea, baina gauzatzeko likideziarik ez edukitzea.

  1. AMIA analisia

Tresna erraz bezain eraginkorra da, eta negozioaren ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak neurtzen ditu. Funtsezkoa da zure negozioa nondik abiatzen den eta zer erronkari aurre egin behar dien egiaztatzeko.

AMIA analisitik ateratzen dituzun ondorioak aintzat hartuta, zer estrategia erabili zehazten lagunduko dizu CAME analisiak. Horrela, gai izango zara:

  • Zure negozioaren edo proiektuaren ahuleziak zuzentzeko.
  • Kanpoko mehatxuei aurre egiteko.
  • Zure berezko indarrei eusteko.
  • Merkatuak ematen dizkizun aukerak ustiatzeko.

Elementu horiek kontuan izanda, bideragarritasun-planak aukera emango dizu zure negozio berriaren arrakasta-aukerak ebaluatzeko eta hura martxan jartzen lagunduko dizuten finantzaketa-bideak aurkitzeko.

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*