Kairós kooperatibako lehendakari Goyo Centrori elkarrizketa

Ekonomia soziala, Interesgarria

22 urria, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Goyo Centro elkarrizketatu dugu, KAIRÓS entitateko lehendakaria. Sozietate kooperatibo horrek adin eta jatorri guztietako pertsonei gizarteratzen eta laneratzen laguntzen die, edozein egoeratan daudela ere.

KAIRÓS Aragoiko Gizarte Ekintzailetzaren eta Gizarte Enpresen Sariaren hirugarren edizioa, 2020koa, irabazi duen gizarte-ekonomiako enpresa da. Laguntza-, hezkuntza-, prebentzio-, integrazio- eta gizarteratze-proiektuak garatzea da haren jarduera nagusia.

ENPRESENTZAKO BANKA: Nola sortu zen irabazi-asmorik gabeko erakunde hau eratzeko ideia?

Goyo Centro: “Ni parte hartzen ari nintzen proiektu batetik sortu zen. Hartan, hainbat autonomia-erkidegotako gizarte-ekimeneko beste kooperatiba batzuekin harremanetan jarri nintzen. Egia esan, nik ez nekien irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat forma juridiko hori zegoenik. Forma juridiko ikaragarri ona iruditu zitzaidan, bai gizarte-ekonomiaren printzipioak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeen beraien printzipioak batzeko, bai urte haietan elkarteek izaten zituztenak baino kudeaketa-mekanismo askoz eraginkorragoak sartzeko. Zenbait elkarte eta fundaziotako lagun batzuekin hitz egin nuen, eta, hiruren artean, Kairós sortzea erabaki genuen. 2001ean hasi zen lehen proiektua, eta gaur arte”.

 

 

EB: 2001ean, hiru pertsona zineten; orain, ehun bazkide eta langile baino gehiago zarete. Zein da gakoa?

GC: “Lehenik eta behin, nire ustetan, funtsezkoa da zuk zeuk zure proiektuan sinestea eta haren alde % 100 egitea. Zuk zeuk sinesten ez baduzu eta haren alde benetan egiten ez baduzu, zaila da aurrera egitea. Baina, bestalde, oso garrantzitsua da zer egiten ari zaren jakitea; hau da, sektorea ezagutzea, hartan esperientzia izatea eta, zalantzarik gabe, arduraz jokatzea. Hasieran, batez ere, ordu asko eman behar dira. Guk, hasieran, oso une zailak izan genituen. Lanordu asko sartu genituen, oso kezkatuta ibili ginen, baina, azkenean, behar diren orduak ematen badituzu, ahalegintzen bazara, aurrera egiten duzu”.

“Garrantzi handikoa izan da bazkide eta langile guztien ekarpena. Guk guztiok entitatearekin bat egin dugu beti, hasieran zehaztu genituen printzipioekin, alegia; hori da gure betiko ezaugarrietako bat. Gure funtsezko printzipioetako bat hau da: zerbait egiten badugu, ahalik eta ondoen egiten ahalegindu behar dugu; bestela, nahiago dugu ez egin. Azkenean, egia da kalitate- eta segurtasun-irudia dugula finantzatzen gaituen jendearen aurrean, eta, horrenbestez, proiektu handi bat dutenean eta ondo ateratzea nahi dutenean, deitu egiten digute. Eta hori oso garrantzitsua da hazten joateko”.

 

EB: Zertan dira desberdinak KAIRÓS eta enplegua bilatzeko agentzia tradizionalak?

GC: “Lehen aldea KAIRÓSen doakotasuna da. Kanpotik ikus daiteke hori; batez ere, une jakin batean langileak bilatzeko deitzen diguten enpresek ikus dezakete. Guk ez diogu ez enpresari ez langileari kobratzen; doan egiten dugu lan. Baina, nire iritziz, askoz garrantzitsuagoa eta bereizgarriagoa da lana aurkitzeko arazo eta zailtasun gehien dituzten pertsonei ematen diegun arreta. Lehentasuna ematen diegu beti desgaitasuna duten pertsonei, immigranteei edo arazo berezi bat duten pertsonei”.

 

EB: Nolakoa da pertsonei aholku emateko prozesua zuen zerbitzuan?

 GC: “Norbaiti lana aurkitzen laguntzeko bitartekaritza-ekintzak baino gehiago egiten dugu. Gure lan egiteko modua apur bat desberdina da, beti baititugu pertsonak modu integralagoan artatu ahal izateko zerbitzuak. Pertsona bat guregana etortzen denean, hasierako elkarrizketa bat egiten diogu, eta, haren egoeraren arabera, banakako ibilbide bat prestatzen dugu harekin. Ondoren, ibilbide horretako une guztietan laguntzen diogu. Esaterako, immigranteen kasuan, paperen erregularizazioaz arduratzen gara, eta lantegiak, lan-jarduerak, gizarte-jarduerak eta espainiera-ikastaroak egiten ditugu, besteak beste. Hain zuzen ere, 2. mailako gaitasunak lortu eta, beraz, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratu ditzaten egiten dugu lan. Ziurtagiri horiek ere ematen ditugu, lan-arloan gaitzeko. Eta, jakina, enplegua bilatzea eta lanean hastea da azken urratsa”.

 

 

EB: Ohikoa da immigrante bat ekintzaile bihurtzea?

GC: “Ez da arraroa; izan ere, immigrante askok ekintzailetza-modalitate hori aukeratzen dute, eta autonomo gisa jarduten hasten dira. Kasuren batean, kooperatiba bat sortu zuen jendea ere orientatu izan dugu. 2008tik 2012ra bitarteko krisiaren ondorioz, ekintzailetza-jarduera handia izan zen. Orientazioa eman behar izan zitzaien immigranteei, denek gauza bera egin nahi zuten eta. Garai batean, mintzalekuak jarri nahi zituzten denek, eta, azkenean, sektoreak ez zuen gehiagorako eman; orduan, itxi egin behar izaten zuten, eta horrek motibazioa galarazten zien. Beti saiatzen gara hoberen egingo duten eta bideragarritasunik handiena izan dezakeen jarduera-motara bideratzen. Gainera, prestakuntza ematen diegu, eta hasierako inbertsioan lagunduko dieten mikrokredituak lortzeko laguntzen ere bai”.

 

EB: Gizarte-bazterketari dagokionez, pertsonei laguntzeko zer baliabide dituzue?

GC: “Gizarte-bazterketaren gaia oso korapilatsua da, eta hainbat alderditan lan egiten duten taldeak ditugu. Gizarte-langileen talde bat dugu; haiek egiten dute lehen harrera, eta, ondoren, jarraipena ere bai. Beste lantalde bat etxebizitzarekin zerikusia duten alderdi guztiez arduratzen da. Oso pertsona espezializatuak dira; izan ere, aipatutako guztiaz gainera, Aragoiko gobernuaren alokairu sozialeko poltsaren zati bat kudeatzen dugu. Etxebizitzarako sarbidearen normalizazioarekin zerikusia duten ekintzak egiten dituzte talde horretako pertsonek. Orobat, gure profesional batzuk lana bilatzeaz arduratzen dira, eta beste batzuk, prestakuntza emateaz. Talde guztiek elkarrekin koordinatuta jarduten dute, eta bakoitza arlo batean espezializatzen da”.

“Oraintxe, 200 familiarekin baino gehiagorekin ari gara lanean, baita haien seme-alabekin lotutako alderdietan ere. Laguntza emateko eta seme-alabek ikasketak egin ditzaten. Arreta integrala ematea dugu helburu”.

 

 

EB: 2001ean LK Aragoira iritsi zenean, kontua ireki zuten lehen enpresetakoa izan zineten. Zerk animatu zintuen? Zer balioesten duzue gehien LKrekin duzuen banku-harremanean?

GC: “LABORAL Kutxak Aragoin egoitza ireki zuenean, aldi berean gu eratu ginen. Eta, alde batetik, atentzio handia eman zigun, LK ere kooperatiba bat baitzen eta gizarte-ekonomiako gure printzipioekin bat baitzetorren. Gainera, oso harrera ona egin zigun. Honelako proiektu bat hasten duzunean, oso zaila da jarduera martxan jartzeko finantzaketa lortzea. Garai hartan, kutxa eta banku gehiagotara joan ginen, eta ez zegoen modurik. LABORAL Kutxak lagundu zigun gehien, eta sentiberatasun berezia izan zuen gurekin; harrezkeroztik, harekin lanean jarraitu dugu. Egia da beste banku-erakunde batzuetan ere kontuak ditugula, beharrezkoa delako, baina gure erreferentziazko entitate nagusia LABORAL Kutxa da. Oso malgua da eta oso ondo moldatzen da gure beharretara”.

 

EB: Zer mezu helaraziko zenieke enpresei, gizarte-erantzukizun korporatiboari dagokionez?

“Gu orain garatzen saiatzen ari garen formula bat enpresa handiekin harremana ezartzea da, horiek ere gure proiektuetan lagundu baitezakete. Lankidetza hori, ekonomikoa ez ezik, prestakuntza- edo dohaintza-mailakoa ere izan daiteke. Adibidez, desgaitasuna duten pertsonentzako etxebizitzei dagokienez, hozkailuak eman dizkigute. Lankidetzan aritzeko hainbat modu daude, eta nik enpresa guztiak animatuko nituzke gurekin lan egitera, beren gizarte-erantzukizuneko eta garapen jasangarriko helburuak betetze aldera”.

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*