Elkarrizketa: Enrique de Miguel, Encantado de Comerte aplikazioaren sortzaileetakoa

Ekonomia soziala, Interesgarria

15 urria, 2020 | argitaratuta LABORAL Kutxa

Elikagaien aprobetxamendua sustatzen duen Encantado de comerte aplikazio mugikorraren sortzaileetako bat elkarrizketatu dugu. B2B marketplace erako plataforma 2019ko urtarrilean sortu zuten, alternatiba berritzailea izateko. Elikagaiak botatzea saihesteaz gain, egoera ahulean dauden familiei jakiak eskuragarri jartzen dizkiete. Gizarte Ekintzailetzaren eta Gizarte Enpresen 2020ko Aragoiko Saria irabazi du proiektuak, gizarte-ekintzailetzaren kategorian.

Iraungitze-datara iritsi ez diren produktu asko botatzen dituzte saltokiek, eta hortik sortu zen ideia. Encantado de Comerte aplikazioak eskura jartzen dizkizu soberan diren jakiak prezio murriztuetan. Nola? Appean elikagai sorta generikoak argitaratzen dituzte, prezio finko batean (gutxienez % 50eko beherapenarekin) salgai, zuk erosi eta egunean bertan hurbileko establezimendu batean jaso ditzazun.

 

ENPRESENTZAKO BANKA: Hasieratik argi al zenuten gizarte- eta ingurumen-eragin handiko proiektua sortu nahi zenutela?

Enrique de Miguel: «Nire kasuan bai. Energia berriztagarriei lotutako lan-ibilbidea izan dut, energia eolikoaren inguruko gaietan aritu naiz beti, izugarri interesgarria iruditzen zitzaidalako. Eta hortik abiatuta, motibagarria da eragin soziala sortzeko ekitera jauzi egitea, jakina. Beraz, baietz esango nuke, eta bazkideen kasuan ere hala izan delakoan nago. Ahalik eta gutxien kutsatzen saiatzen gara, eta inguruan dugunarekiko konpromisoa dugu, noski».

 

EB: Zer eragin du zuen aplikazioak ingurumenean?

EM: «Jaki bat ekoizten den bakoitzean, hor atzean dagoena ikusi behar da: ura eta energia, batez ere. Elikagai hori zaborretara botatzen dugun unean, ekoizpenean erabili diren ura eta energia alferrik galtzen dira. Munduan ekoizten diren elikagaien herena zaborretara botatzen da urtero. Horrek esan nahi du erabilitako ur eta energia guztia xahutu egiten dela eta, gainera, alferrikako CO2 isuri bihurtzen dela. Hortaz, gure aplikazioaren bidez elikagai sorta bat salbatzeak alferrikako CO2 isuriak saihestea dakar».

 

EB: Zer baldintza bete behar dituzte saltokiek zuekin kolaboratzeko?

EM: «Egia esan, bat ere ez. Elikagaiekin lan egin behar dute eta gure aplikazioaren bidez eskaintzen dituzten produktuak egoera onean egon behar dira, beste edozein bezerorentzat bezala. Egoera onean egoteak esan nahi du kontsumitzeko egokiak direla, eta, litekeena dela, fruta-denden kasuan, adibidez, piezak ohi baino helduago egotea, eta marka edo orbanen bat izatea. Hau da, ohiko prezioan salduko ez liratekeen produktuak, baina oraindik ere kontsumitzeko moduan daudenak. Supermerkatuen kasuan, iraungitze-data hurbil duten produktuak izan daitezke, edo kontsumo lehenetsiaren datara iritsi direnak. Elikagai horiek guztiak dira aplikazioaren bidez eskuragarri jartzen ditugunak, bezeroentzat lehen aukera izaten ez direnak, bestela zaborretara botako lituzketenak, tamalez. Baina gure aplikazioan elikagaiekin lan egiten duen edozein establezimenduk har dezake parte, tokiko denda txikiek, jatetxeek edota supermerkatuek».

 

EB: Elikagai-kate handiek erreparorik jarri al dute parte hartzeko?

 EM: «Elikagai-kateen aldetik edozein berrikuntza onartzea zaila dela uste dut. Zergatik? Orokorrean haien prozesuak oso finkoak eta oso zurrunak izaten direlako. Hala, makina hori beste norabide batean mugitzeko, esparrua txikia bada ere, beti gertatuko da harremanetan jarri zaren pertsona horrek beste batengana bideratuko zaituela, eta hark beste batengana… baina hori bagenekien. Batzuetan saltoki txikietan ere erreparoak jartzen dituzte, zaila izaten da aldaketak egitea. Onura besterik ekarriko ez dien zerbait eskaintzen badiezu ere, batzuek ez dituzte aldaketak atsegin».

 

EB: Erakunde publikoren batek interesik azaldu al du egiten duzuen lanaren inguruan?

EM: «Saria irabazi genuen, hori aintzatespen instituzionala da, aitorpena erakunde publiko baten aldetik, hori interesa azaltzea da, bai. Oraindik ez gara iritsi udalen batekin edo gizarte-zerbitzuekin lankidetzan aritzera. Gure nahia da, eta prestatuta gaude horretarako. Izan ere, GKE eta ongintzako erakundeekin elkarlanean aritu gara, Caritas eta Gurutze Gorriarekin, esaterako. Modalitate berean, Zaragozako eta Madrilgo udalekin lan egin nahi dugu, eta, gizarte-zerbitzuen bidez, tresna bat eskaini familiek kalitatezko elikagaiak eskuragarri izan ditzaten».

 

EB: Zein da aplikazioaren erabiltzaile-profila? Lortu al duzue 50 urtetik gorako pertsonek ere erabiltzea?

 EM: «Erabiltzaileen gaineko egiazko azterketa bat egiteko ibilbide luzeagoa izan beharko genuke. Oraingoz ikusi dugunez, 18 eta 40-45 urte bitarteko pertsonak dira eta ezagun dituzte aplikazio-kontuak. Ez da abilezia berezirik behar, aplikazioa oso erabilerraza baita. Gure erabiltzaileek gustuko dute gauza berriak probatzea, ingurumena zaindu nahi dute eta badakite frutak eta barazkiak, helduta egon arren, ez daudela txarrak. Kontsumo arduratsuaren alde Europan dagoen joerarekin bat egiten duen erabiltzaile-profila badago. Jakina, badira zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonak ere, gure aplikazioaren bidez elikagai merke eta kalitate onekoak aurkitzen dituztenak. Horrelako profilak dituzte gure aplikazioa erabiltzen dutenek. 50 urtetik gorako jendearengana iristea zaila da, ez baitituzte aplikazioak erabiltzen erosketak egiteko; auzoko dendan erosi nahi dute, telefonorik erabili gabe».

EB: La Bolsa Social plataformaren bidez finantzaketa lortzeko prozesuan zaudete, eta lehenengo txandan zuen beharrak bete dituzue jada.

EM: «Bai, % 100eko estaldura lortu dugu. 120.000 €-ko gutxienekoarekin hasi ginen eta 130.000 € lortu ditugu dagoeneko. La Bolsa Social inbertsio-foroak gizartean eragin positiboa duten proiektuak bakarrik laguntzen ditu. Inbertitzeko sistema oso erraza da, crowdequity esaten zaio: proiektuan dirua jartzean automatikoki bazkide egiten zara, partaidetza duzu. Oso pozik gaude, erakunde oso garrantzitsuen laguntzarekin gure helburua errazago lortu dugulako. Txanda ixteko 32 egun falta direla, gure helburuaren % 107 bete dugu. Oraindik ere badago lekua beste inbertitzaile batzuentzat, baina txanda ixtear dago eta jada lortu dugu behar genuen finantzaketa».

 

EB: Zer bilatzen duzue banku-erakunde batean?

EM: «Banku-erakunde batean finantzaketa eskuratu nahi izango bagenu, startupa garenez, mailegu bigunen bat eskura izatea nahiko genuke, eman diguten Enisa finantzaketaren antzekoa. Partaidetza-maileguak dira horiek. Lantaldeari azterketa oso zorrotza egiten diote, eta aurten eman egin digute, lehenengo inbertsio-txanda bat irabazi dugulako. Mota horretako mailegua interesatzen zaigu, noski. Oraingoz, ez dugu mailegurik eskatu inongo banku-erakundetan».

«Startup bati mailegua emateak arriskua du, ez baita jakiten zer bilakaera izango duen. Alde horretatik ulergarria da bankuen mesfidantza dirua jartzeko orduan. Bestalde, herrialde batek ez badu startupik, zaila izango da teknologian pisua izatea, eta finantzaketarik gabe startupak ezinezkoak dira».

«Agian, bankuek nolabaiteko bitarteko irtenbide bat aurki dezakete, mailegu bat ematearen eta startup batean akziodun gisa sartzearen artekoa. Pentsa LABORAL Kutxak esaten duela, mailegua eman baino, nahiago duela startupean inbertitzea. Finantzaketa-modu bat litzateke, baina enpresaren zati bat edukitzearekin lotuta legoke».

«Gure proiektuarekin erakutsi nahi dugu gizarte-ekintzailetzaren bidez ere irabaziak sor daitezkeela, ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-irabaziak, ardatz hirukoitza esaten dioten horretan. Alferrikako CO2 isuriak saihesten ditugu, egoera ahulean dauden familiei laguntzen diegu eta, bestalde, irabazi ekonomikoak sortzen ditugu. Gizartean eragina izango duten proiektuak finantzatzeko deia egiten dugu, are gehiago gainera datorkigun krisia kontuan hartuta. Deia enpresa-zuzendariei, inbertsio-fondoetako zuzendariei eta finantzatzeko ahalmena duen edonori egiten diogu. Ezin ditugu alde batera utzi kaltetutako pertsonak, eta eragin soziala sortzeko ahalmena duten proiektuak badaude. Horietan inbertitu behar da, betiere irabazi ekonomikoak sortzeko ahalmena ere badutela erakusten dutenetan».

 

Tu opinion:

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*
*